Donostiako Aste Nagusia
Balantzea
Agentziak | Erredakzioa
Alkateak jendearen parte-hartze handia nabarmendu du, eta bisitari asko ibili direla hirian festetan.
Piraten abordatzean hainbat gazte izan ziren, ondo pasatzen. Argazkia: EiTB
Eneko Goia Donostiako alkateak "bikain" jarri dio 2016ko Donostiako Aste Nagusiari; izan ere, "ez da nabarmentzeko moduko istilurik izan, ez eta sexu-erasoek eragindako salaketarik", eta "parte-hartzea handia izan da", Goiaren esanetan, egitarauan zeuden 407 jardueretan.
Goiak prentsaurrekoa eman du Aste Nagusiaren balantzea egiteko. Kanoikadak abiatu zuen festa, "Allí abajo" telesaileko euskal aktoreek Artillero" kanta abestuz, eta Gero Axular Dantza Taldea eta Eureka dantza eskola ere bertan izan ziren, alkateak gogoratu duenez. Horrez gain, Goiak nabarmendu du Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Donostiako erraldoiak elkarrekin azaldu zirela Alderdi Ederren, "2016" zenbakia osatzeko.
Ondarreta hondartzan izandako zinema ere goraipatu du; izan ere, bost egunetan izan da filmik bertan, ez aurreko hiru urteetan bezala, eta 2.600 ikuslek gozatu dute bertan emandako pelikulak ikusiz.
720.000 lagunek ikusi dituzte su artifizialak
Su artifizialek maila oso altua izan dute, alkatearen esanetan, eta Aste Nagusiko ekitaldirik jendetsuena izan da berriro; gutxi gorabehera, 720.000 lagunek ikusi dituzte. Lehiaketa Galiziako Lopez Pirotekniak irabazi du aurtengo lehiaketa, 53. edizioa. Aste Nagusiari amaiera eman zion ikuskizuna, suak eta musika uztartu zituena, 120.000 lagunek jarraitu zuten.
Kontzertuei dagokienez, Goiak esan du guztira 70.200 ikusle izan direla Saguesen. 16.000 zale izan ziren Antonio Orozcoren kontzertuan, 14.000 lagun joan ziren Fangoria ikustera, eta 9.000 jarraitzaile bildu ziren Efecto Pasilloren egunean. 8.000 lagunek ikusi zuten Ken Zazpi, beste horrenbeste joan ziren Celtas Cortos eta Irungo Banda ikustera, 6.000 egon ziren Sweet Californiaren kontzertuan, beste horrenbeste joan ziren Michael Jacksonen omenezkora, eta 3.200 lagun batu ziren Protocolo Kaoshy eta Megastar FM ikusteko.
Bisitari gehiago
Turisten kopuruak ere gora egin du Donostian. 61.300 lagun joan dira abuztuaren 19ra arte turismo-bulegoetara; hau da, 2015eko epe berean baino % 13 gehiago. Bisitarien % 2,27 EAEkoak izan dira; % 36, beste autonomia-erkidegoetatik etorritakoak; eta % 53,7, atzerrikoak. Goiak azpimarratu du hotelak ere "beteta" izan direla, tokien % 95 izan baitira hartuta, "eta hori beterik egotea da, ikuspegi teknikotik".
Datorren urtera begira, jendearentzat "erakargarrienak diren ekitaldiak" eskaintzen jarraitzeko proposatu du, eta su artifizialak eta Sagueseko kontzertuak jarri ditu horren adibide. Alkatearen iritzian, jaia auzo guztietara zabaltzen jarraitu beharko lukete, "jai-gune berriak sortzeko".
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa