17:24

Gasteizko jaiak

Gasteizko jaiak

Martxoak 3 elkarteko kideek botako dute txupinazoa

Erredakzioa

Martxoak 3 elkarteko kideek eta biktimen senitartekoek adierazi dutenez, "ohorea da" txupinazoa botatzea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

EH Bilduk proposatu du aurtengo Andre Mari Zuriaren jaiei hasiera emango dien txupinazoa Martxoak 3 elkarteak botatzea. Beraiek izango dira abuztuaren 4an jaiei hasiera emango dienak.

Koalizioko Kike Fernandez de Pinedok prentsaurrekoan adierazi duenez, izendapenaren bidez elkarteak azken hamarkadetan egin duen lana omendu nahi izan dute. Martxoak 3 elkarteak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotako gertaerak gogoratzea du helburua. Egun horretan bost langile hil ziren eta ehun baino gehiago zauritu ziren poliziaren tiroen eraginez.

“Inork ez du gertatukoaren ardurarik onartu”, gogoratu du Fernandez de Pinedok. “Gertatutakoaren inguruan dagoen ahaztura, diskriminazioa eta inpunitatea ikaragarria da eta kanpotik etorri den epaile batek, Maria Servini argentinarrak, jarri behar izan du kereila”, gogoratu du.

Txupinaren jaurtiketarekin ez da memoria historikoa soilik gogoratu nahi, “orduko eta egungo langileei ere omenaldia izango da”, azpimarratu du.

Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak eta biktimen senitartekoek adierazi dutenez, “ohorea da txupinazoa jaurtitzea eta lanean jarraitzeko indarra ematen digu”.

Iruzkinak