Itxi

Hernani

Hileta

Ostiralean egingo dute Julen Madinaren aldeko hileta-elizkizuna

Erredakzioa

Beilategia ostegunean zabalduko dute Donostiako Errekalde auzoko Funeraria Vascongadan.

  • Julen Madina. EFE.

    Julen Madina. EFE.

Julen Madinaren aldeko hileta-elizkizuna ostiralean egingo dute, 19:00etan, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen parrokia-elizan.

Beilatokia ostegunean, 09:00etatik 21:00etara izango da zabalik, Donostiako Errekalde auzoko Funeraria Vascongadan.

Julen Madina ETBko kolaboratzailea eta entzierroetako korrikalari ezaguna 61 urte zituela hil da, ostegunean Zurriola hondartzan (Donostia) ezbeharra izan ostean, haren anaiak familiaren izenean Facebooken argitaratutako ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Ia itota zegoela eta kopetan kolpe handia zuela atera zuten uretatik. Hondartzan suspertzen saiatu ondoren, Donostia Ospitalera eraman zuten, eta zainketa intentsiboetako unitatean egon da ordutik. Bertan zendu da.

Julen Madina hernaniarrak ibilbide luzea zuen ETBn, kolaboratzaile gisa. "El Conquistador del Fin del Mundo", "El Conquistour" eta aipatu saioaren asteroko debatean parte hartu zuen, eta "Sin ir mas lejos" eta ETBko beste eztabaida-saio batzuetan ere ibili zen.

Telebistan egindako lanaz gain, Madina sanferminetako entzierroetan 40 urtez korrika egiteagatik da ezaguna. Duela bost urte utzi zion sanferminetako entzierroetan korrika egiteari; entzierroak, baina, ez ditu inoiz utzi. Uztailean, Tuterako entzierroan hartu zuen parte, eta buruan eta bularraldean kolpe handiak jaso zituen. Heriotza ekarri dion kolpea, berriz, Zurriola hondartzan jaso omen zuen, ostegunean.