Itxi

Herriak eta Hiriak

SAN FERMIN JAIAK

Gizartean zezenei buruzko eztabaida bat zabaldu behar dela uste du Asironek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iruñeko alkatearen esanetan, gizarteak gidatu behar duen eztabaida bat da. Hala ere, Joseba Asironen iritziz, gaur-gaurkoz ezin dira sanferminak ulertu zezenik gabe.

Joseba Asiron Iruñeko alkatearen iritziz, zezenen munduari buruzko eztabaida bat abiatu behar da, eta gizarteak gidatu behar du. Dena den, horren esanetan, gaur-gaurkoz ezin dira sanferminak ulertu zezenik gabe; beste era batera esanda, zezenak eta sanferminak banaezinak dira.

Ganaduzaleek eta zezenak hazten dituztenek manifestu bat sinatu berritu dute eta, bertan esan dutenez, zezenketarik ez bada ez da entzierrorik izango Iruñean.

Zezenketei buruz duela gutxi egindako adierazpenak zuzentzeko eskatu zioten Victoriano Del Rio eta Jose Cebada Gagoren oinordekoen ganadutegiek Joseba Asiron alkateari. Izan ere, entzierrorik gabe ez, baina zezenketarik gabeko sanferminak imajinatzen zituela esan zuen.

Atzo 2018ko sanferminetako egitarau ofiziala aurkeztu ostean, ganaduzaleekin eztabaidan ez zela hasiko adierazi zuen Iruñeko alkateak. Horren esanetan, "gaur-gaurkoz ezin dira sanferminak ulertu zezenik gabe. Hori zerbait objektiboa da". "Iritzi bat edo beste izan dezakegu, baina guztiok ados egongo gara gaur egun sanferminetatik zezenak kentzeak San Fermin kontzeptua aldatzea ekarriko lukeela. Beraz, gaur egun, zezenak eta sanferminak banaezinak dira", azpimarratu zuen.

Dena dela, zezenen inguruko eztabaida bat egon behar duela uste du: "Ez dut uste inork esan dezakeenik edozein gairen inguruan eztabaidatzea txarra dela". Are gehiago, "bistakoa" da zezenen inguruko eztabaida kalean dagoela.

Asironek ezin du imajinatu alkateak, alkatea edozein dela ere, zezenak dekretuz kentzea; aitzitik, gizarteak eztabaidatu eta erabaki beharreko zerbait dela uste du. Ildo horretan, gizarteak hori erabakiko balu, erakundeek atea ireki beharko liokete herritarrei esandakoari, horren ustez.