Herriak eta Hiriak
Balantzea
Sexu erasoek Gasteizko jaien balantze 'positiboa' lausotu dute
Agentziak | Erredakzioa
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak jaiek utzitako datuak aztertu dituzte prentsaurreko batean.
Gasteizko jaietan izandako sexu erasoek festen balantzea lausotu dute. Izan ere, "puntu beltz" hori kenduta, "positiboak" izan dira festak, "parte-hartzea, handia", eta "giroa, paregabea".
Hala adierazi dute Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak, Ama Zuriaren festek utzitako datuak azaltzeko gaur emandako prentsaurrekoan. Gertaera horiek izan direla "puntu beltz bakarrak" adierazi dute.
"Eraso horien guztien egileak identifikatu eta atxilotu dituzte", baieztatu du Urtaranek. Jarraian, gaur goizaldean izandako erasoaz hitz egin du: 36 urteko gizon batek 14 urteko adin txikiko bati ustez abusuak egin dizkio.
Lehen kasua abuztuaren 4ko gauean gertatu zen. Gizon frantziar batek ukituak egin zizkien bi emakumeri, eta tabernako bezeroek atxiki zuten polizia etorri arte.
Ondoren, asteazken goizaldean, adingabe batek sexu erasoa egin zion beste bati. Epailearen aurretik pasa ostean, Zumarragako adingabekoen zentro batean sartu zuten.
Ostegun goizaldean, ukituak egin zizkioten beste emakume bati taberna batean.
"Gertaera horiek ikusita, ezin dugu esan jai bikainak izan direnik, nahiz eta jendeak primeran jokatu duen", esan du alkateak, "puntu beltz horrekin amaitzeko" beharra azpimarratu eta "erasoen aurrean herritarrek erakutsitako jarrera" eskertzeaz gain.
"Parte hartze handia eta giro bikaina"
Bestalde, alkateak "Gasteizko kaleetan izandako parte-hartze handia eta giro bikaina" azpimarratu ditu. Halaber, aurtengo nobedadeen arrakasta ere nabarmendu du: Zeledon Txiki eta Edurneren jaitsiera Espainia Plazan egitea edo autobusetan eskaeren araberako geldialdiak egitea.
Horrenbestez, jaien balantzea "oso positiboa" izan dela esan du Cantok: "ikuskizunetan jende asko izan da egunero" eta Zeledonen jaitsieran 80.000 pertsona bildu ziren Ama Zuriaren plazan eta inguruan.
Kontzertuei dagokienez, Foruen plazako emanaldiek 47.500 ikusle izan dituzte bost gauetan; Matxete plazako ikuskizunek 30.000; Espainia plazako 6 orkestrek 40.000 eta Probintzia plazara, berriz, 10.000 pertsona hurbildu dira.
Umorearen txokoak 20.000 lagun bildu ditu, umeentzako abenturaguneak 35.000, eta Antzoki Nagusiak 11.540.
Datu horiek ikusita, EH Bilduk zalantzan jarri du festak "bikainak" izan direla baieztatzea, "eraso matxistak" kontuan izanik. Hala, mugimendu feministekin lan egin dezan eskatu diote alkateari, eraso gehiago ez egoteko.