cerrar buscador

08:25

entzierroak

Laugarren entzierroa

Pedraza de Yelteseko zezenen estreinaldia, entzierro azkar batean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bi lagun adarkatu dituzte sanferminetako laugarren entzierroan, eta larri daude. Gainera, beste hiru pertsona ospitaleratu dituzte, kolpeengatik.

3:54
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

29 eta 34 urteko bi valentziar adarkatu dituzte Pedraza de Yeltes ganadutegiko zezenek sanferminetako laugarren entzierroan eta horiez gain beste hiru korrikalari eraman dituzte Iruñeko Ospitale Gunera. Iruñeko zezen plazan artatu ondoren, adarkadaz zauritutako bi lagunak ospitaleratu egin dituzte.

Iruñeko zezen plazako erizaintzak haren blogean eta Gurutze Gorriak haren Twitter kontuan berri eman duenez, horietako batek azaleko zauria du lepoan eta bigarrenak, ostera, besapean jaso du adarkada. Lepoan zauria duen korrikalaria larri dago; ostera, bigarren zauritua larri baldin badago ere, ez ei dago hil ala biziko egoeran.

Halaber, beste hiru pertsona ospitaleratu behar izan dituzte.

Iruñeko Ospitale Guneak emandako informazioaren arabera, hiru korrikalari eraman dituzte ospitalera, guztiak ere kolpeengatik. Murtziako 39 urteko korrikalari bat ospitaleratu dute Udaletxe ingurutik, buruan kolpea jasota eta pronostiko arina du. Zauritutako bigarren korrikalariak -28 urteko madrildarra- ere buruan hartu du kolpea Estafeta kalean eta pronostiko arina du. Hirugarren korrikalariak 36 urte ditu eta Telefonica paretik eraman dute ospitalera buruan kolpea jasota.

Entzierro azkarra eta jendetsua

Pedraza de Yeltes ganadutegiko zezenak lehen aldiz etorri dira Iruñera eta entzierro azkarra eta jendetsua egin dute. Aurtengo San Fermin jaietako igande bakarra izaki, korrikalari askok parte hartu dute.

Salamancako Pedraza de Yelteseko ganadutegiko zezenek lehen aldia zuten sanferminetan eta kasik batera egin dute ibilbide osoa. Orotara, bi minutu eta 30 segundo behar izan dituzte ukuiluetatik zezen plazara joateko.

Laugarren entzierroa San Fermin 2016 EFE

San Fermin jaietako laugarren entzierroa. Argazkia: EFE

Taldea bat eginda atera da Santo Domingoko ukuiluetatik, baina berehala bi zezen jarri dira buruan eta abiadura handia hartu dute. Horrenbestez, bidean hainbat korrikalari lurrera jauzi dira.

Zezenetako batek irrist egin du Santo Domingoko aldaparen erdian, baina ez du taldea begi bistatik galdu eta berehala bat egin du haren kideekin. Gauzak horrela, zezenak elkarrekin sartu dira Udaletxera.

Udaletxe parean zezenetako batek korrikalari bat airean ibili du, baina gainerakoek ez dute bestelako gorabeherarik eragin. Mercaderes zeharkatu ondoren abiadura handian sartu dira Estafeta kalera eta bihurgunean zezen gorrixketako batek korrikalari baten kontra jo du eta, horrenbestez, biak lurrera erori dira. Dena den, korrikalaria onik atera da ibilbidetik eta zezenak bere bideari eutsi dio.

Estafetan korrikalari asko pilatu dira eta horietako askok kolpeak hartu dituzte lurrera erorita. Estafetatik Telefonicarako bidea hartu dute, bat eginda eta abiadura handian, eta arrisku uneren bat izan bada ere ez da gorabehera nabarmenik izan. Zezenak modu mailakatuan sartu dira zezen plazara.

Iruzkinak