cerrar buscador

07:50

Sanferminak

Seigarren entzierroa

Victoriano del Rio ganadutegiko zezenen entzierroa, aparta

eitb.eus

Bost korrikalari bakarrik eraman behar izan dituzte ospitalera, kolpeak hartuta. Entzierroak bi minutu eta 13 segundo iraun du, eta jaietako azkarrena izan da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Victoriano del Rio Madrilgo ganadutegiko zezenek sanferminetako seigarren entzierroa egin dute.

Madrilgo ganadutegiko zezenek entzierro azkarra eta garbia egin dute. Animaliak zintzo joan dira korrikalarien artean.

Osasun zerbitzuek jakitera eman dutenez, bost korrikalari bakarrik eraman behar izan dituzte ospitalera; kolpeak hartuta, guztiak. Entzierroak bi minutu eta 13 segundoko iraupena izan du eta jaietako azkarrena izan da.

Nafarroako Ospitaleak egindako lehen balantzearen arabera, zaurituek buruan, sorbaldan, sabelaldean eta hankan dituzte kolpeak.

Zezen-taldea ez da guztiz hautsi ibilbide osoan, eta tenperaturaren eta korrikalari kopuruaren jaitsiera izan da gaurkoan nabarmenena.

Cantaor, zezen beltz astokara

Zezen-taldeak 08:00etan utzi du Santo Domingoko ukuilua, joaldunak buruan zituela, baina Cantaor zezen beltz astokarak aurrea hartu du berehala.

Santo Domingoko aldapa guztia aurrean egin du zezenak, abiadura handian, beste hiru zezen ondoan eta joaldunak atzerago zituela.

encierro san fermin entzierroa 12 julio 2016 uztailak 12 EFE

Victoriano del Rioren zezenak, Iruñeko kaleetan. Argazkia: EFE

Erorikoak Mercaderes kalean

Zezenen erritmo biziak korrikalarien erorikoak eragin ditu Mercaderes kalean; izan ere, animaliek korrikalariak gainditu dituzte, baina zintzotasun handia agertu dute.

Estafetako bihurgunea atzean utzi ondoren, taldea luzatu egin da. Zezenen bat bihurgunean erori da. Cantaor izenekoak aurrean jarraitu du eta gainerako zezenak metro batzuk atzerago geratu dira. Hala, korrikalariek lekua izan dute, baina abiadurak ez ditu gauzak batere erraz jarri.

Arazorik gabe

Taldeburua bi minutuak bete baino lehen sartu da plazan, Telefonicako tartea eta kallejoia arazorik gabe zeharkatu ondoren.

Segundo batzuk geroago, beste lau zezen beltz heldu dira plazara, eta horien atzetik sartu dira joaldunak, azken zezen gaztainkara atzetik zutela. Aparteko arazorik gabe sartu dira zezen-plazako ukuiluan.

Horrela itzuli da Madrilgo ganadutegia Iruñera. Guadalix de la Sierrako zezenek entzierro biziak egin dituzte orain arte, korrikalari gutxi adarkatu dituzte (bat ere ez, gaurkoan) eta hiru sari jaso dituzte Iruñean.

Arratsaldean toreatuko dituzte Juan Jose Padilla, Julian Lopez El Juli eta Alberto Lopez Simon toreatzaileek.

Iruzkinak