Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

ETAren amaiera

Biktimen ikuspuntua

EUSKADI IRRATIA | ARITZ AGIRRE

ETAren amaieraz, 3 biktimarekin solastu gara. Maria Caballero, Maite Pagazaurtundua eta Maixabel Lasa. Aita, anaia eta senarra hil zien ETAk. Iragana ahaztuko dugun beldurrez mintzo dira etorkizunaz.

  • Maixabel Lasa

    5:13 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

ETAren amaieraz, bere hiru biktimarekin solastu gara Euskadi Irratian. Maria Caballero, Maite Pagazaurtundua eta Maixabel Lasa. Aita, anaia eta senarra hil zien ETAk. Iragana ahaztuko dugun beldurrez mintzo dira etorkizunaz.

Eraikitzeko dagoen elkarbizitza eta errelatoaren bidean biktimek protagonismo handia izango dute. Era berean, biktimei buruz eta biktimizazioaz asko dute esateko indarkeria garairik latzenetan lehenengo lerroan egon zirenek.

ETA amaituta, bere indarkeriaren zilegitasun eza ozen aldarrika dadila eskatzen dute bere biktimek, etorkizunera begira, Maixabel Lasak, ETAk hildako Juan Mari Jauregi buruzagi sozialistaren alargunak esan digunez.

María Caballero ETAk Iruñean tiroz hil zuen Tomás Caballero UPNko zinegotziarentzat ETAren zikloa ez da bukatuko gizartean babesa izaten jarraitzen duen bitartean.

Maite Pagazaurtundua ETA-k Andoainen tiroz hil zuen Joseba Pagazaurtundua udaltzainaren arrebak esan digunez, haientzat iraingarriak dira ETAko presoei kartzelatik ateratzerakoan egiten zaizkien omenaldiak.

ETAk egindako adierazpenean biktimen artean egiten duen bereizketa iraingarria da eurentzat, baita ETAren sorrera Gerra Zibilaren ondorioekin lotu izana ere.

Gainera, justiziari laguntzeko borondatearekin lotzen dute ETAko presoen espetxe politika. Maixabel Lasarentzat beste bide bat da zintzoena eta eraginkorrena.  Bere garaian abiatutako Langraitz bidea. Hiltzaileek biktimei barkamena eskatzea, haien gogoeta eta ibilbidea eginda.

Zauriak sendatzeko gertatutakoa azalera ekarri beharraz mintzatu zaizkigu bakearen alde lan eta gogoeta egindakoek, Juan Cruz Igerabide idazleak eta Bittor Aierdik, Elkarriko koordinatzaile ohiak, kasu. 


Hiletak, heriotzaren amorru eta sufrimendua oso gogoan ditu Felix Azurmendik, Uriarte gotzaiarekin bikario nagusi izan zenak. Ukatu egin du elizak ekidistante jokatu zuenik, baina bere hitzetan, 'sufrimenduaren mapa konplexua da'. Biktima guztientzako errespetua eskatu du Joseba Zulaika antropologoak, Gabriel Arestiren poema bat hartuta.


Patxi Zabaleta Aralar zenaren sortzaileak kritikatu egin du ETAk biktimen artean egindako bereizketa, baina ohartarazi bereizketa hori bera egiten dela, alde ezberdineko biktimen artean ere ez egiteko.

ETAren amaierarekin ez baita amaitzen biktimen sufrimendua. Zauri hori ixteko belaunaldiak, errespetua eta bizitzeko gogoa behar dira.