Euskadi Irratia
ETAren amaiera
ETAren amaierari buruzko hainbat gogoeta
EUSKADI IRRATIA | ARITZ AGIRRE
Gure herriko hiru belaunaldiren bizitza baldintzatu duen garai historikoa itxi du ETAren amaierak. Kapitulu iluna, indarkeria gordinekoa, argiez baino itzalez betetakoa.
-
Eskultura eta armagabetzea monolitoa Baionan, Koldobika jauregia, 'arbolaren egia'
5:06 min
Gure herriko hiru belaunaldiren bizitza baldintzatu duen garai historikoa itxi du ETAren amaierak. Kapitulu iluna, indarkeria gordinekoa, argiez baino itzalez betetakoa.
Akaso horregatik, isilik egotea nahiago dute zuzeneko protagonista izan diren askok. Batzuk ETAren amaiera duela zazpi urte kokatzen dutelako; beste hainbatek ez duelako iragarritako kronikaz propagandarik egin nahi. Bada, era berean, espetxe politikaren aldaketarik gabe benetako bakeaz hitz egin nahi ez duenik.
Edozein kasutan, beste askok bere gogoeta helarazi nahi izan digute Euskadi Irratian, garai historiko bat itxi eta berria zabaltzen duen iragarpen honen aurrean. Hauek dira Aritz Agirre gure lankideak jasotako testigantzak.
ETAren amaierak bestelako kezka bat sortu du bere biktimen artean; Maixabel Lasa Juan Mari Jauregiren agintari sozialistaren alargunaren arabera, ahazteko beldurra.
Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohi, eta Ezker Abertzaleko buruzagiarentzat, lan politiko sakon baten helmuga, eta ilusioz betetako garai berri baten hasiera da ETAren amaiera.
Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburu eta Legebiltzarreko presidente ohiarentzat berri pozgarria da eta Ramon Jauregi sozialista garaipen pozgarriaz mintzo da.
Patxi Zabaleta Aralarko fundatzailearen iritziz duintasuna da gakoa. Frantxua Maitia Ipar Euskal Herriko buruzagi sozialistak dio aliantzak josteko eta sortzeko garaia dela, iparraldeko ereduari segika
Aldiz, Maite Pagazaurtundua UPyD-ko europarlamentarioak ETAren bikitmak, iragana zuritzeko propaganda ikusten du ETAren amaierako diskurtsoan.
Bakearen alde lan egin duten hainbat lagunek dio berandu datorren albiste oso ona dela. Bittor Aierdi Elkarriko koordinatzaile ohia eta Felix Azurmendi Uriarte gotzainaren bikario nagusi izandakoa.
Joseba Zulaika antropologo eta ikerlaria ETAren sorrera ilusioz bizi izan zuen abertzaleen belaunaldikoa da, eta lasaitasunaz eta erruaz hitz egin digu.
Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen omenezko ekitaldian parte hartuko du larunbatean Juan Cruz Igerabide idazleak, Donostiako Koldo Mitxelenan, eta lasaitasunaz eta bandoez aritu zaigu bera ere.
Etorkizunari begira, herria eraikitzeko garaia dela uste du Rafa Diezek: EAJ, Ezker Abertzalea, Podemos eta gehiengo sindikalaren artean. Gatazka politikoa ez delako ETArekin amaitzen. Aldiz, Ramon Jauregi sozialistak estatutu berri baten adostasunera mugatzen du elkarbizitza politiko berria.
Erakundeen eta gizarte mugimenduen arteko elkarlanaren garaia, Frantxua Maitiaren esanetan. ETAren sorrerak piztu zuen bultzada, auspoaldi hori Ezker Abertzaleak bide politiko hutsetatik birmoldatu eta bateratu behar duela dio Zulaikak.
Legea errespetatzeko garaia dela iritzi dio, berriz, Maria Caballero UPNko zinegotzi eta ETA-ren biktimak.
Gizarte eredu berria sortzeko gai izanen garen itxaropena du Igerabidek, iraganeko akatsak zuzenduz. Espazio berriak sortu benetako bakea lortzeko.
Hemendik aurrera, prozesu horiek oinarri honetan sostengatu beharko lirateke, Maixabel Lasa eta Juan Mari Atutxaren iritziz.