Itxi

Faktoria

Makina-erremintaren biurtekoa

Xabier Ortueta (AFM): "Testuinguru zail batean, azoka ederra izango da"

JOne Larrañaga | EITB Media

Energiaren eta lehengaien krisiak kostuetan eta epeetan eragin handia duen arren, sektoreak urtea hazkunde txiki batekin itxiko duela iragarri du klusterreko zuzendariak. Sektoreak, aurrera begira, langileak behar dituela azpimarratu du: emakumeak eta gazteak.

  • Xabier Ortueta

    Xabier Ortueta

    20:42 min
imagen player
imagen player
imagen player

Xabier Ortueta makina-erremintako klusterreko (AFM) zuzendari nagusiak  espero du pandemiaren osteko biurteko azoka hau indar betekoa izango dela eta hobetu egingo dituela azken ekitaldiko zenbakiak. "Badaukagu eskari zorro polit bat. Gure ekipamenduak oso garestiak dira, fabriketan ekoizten dira eta erakutsi egin behar dira fisikoki. Pabiloiak bete-bete egin dira eta bisitarien izen-emateak oso onak dira", azpimarratu du. "Testuinguru zail batean", gaineratu du, erakusketa ederra izango da". 

Ortuetak azaldu duenez, energia eta horniketa krisiak kudeaketa zailtasun handia ekarri die sektoreko enpresei, bai epeak eta baita kostuak betetzeko ere. Nolanahi ere, sektoreak eutsiko diola iragarri du: "Egoera gehiago okertzen ez bada urtea ondo amaituko dute enpresek eta izango da hazkunde txiki bat ere", esan du.

"Langileak behar ditugu"

Klusterreko arduradun nagusiaren arabera, aurrera begirako erronka teknologikoetan buru-belarri ari dira enpresak, jasangarritasunen ere eman dituzte urratsak eta zibersegurtasunaren mehatxuari aurre egiteko prestatu behar dute orain. Eta hori dena egiteko, langile gehiago behar dituztela azpimarratu du, emakumeak eta gazteak. "Gaur egun, 10 langile jubilatzen dira eta zazpi berri sartzen. Jendea falta dugu".  Ortuetaren arabera, makina-erramintaren sektoreak ondo ordaintzen du eta ondo zaintzen ditu bere langileak. Ildo horretan, esperantza agertu du pandemiaren urtean langile eta enpresarien artean izan zen lan-hitzarmena berrituko dela aurrera begira ere.