Eusko Label Liga
Getxoko Ikurrina
Oriok agintzen jarraitzen du Eusko Label Ligan, Getxoko Ikurrina ere bereganatuta
I. G. | EITB
Gipuzkoako traineruak bosgarren bandera irabazi du Getxon, aurkariei inongo aukerarik eman gabe, eta Ligako jaun eta jabe izaten jarraitzen du.
Oriok irabazi du larunbat honetan lehiatu den Eusko Label Ligako XLVII. Getxoko Ikurrina. Gipuzkoako trainerua azkarrena izan da beste behin, eta aurkarietako bat ere ez da gai izan estutasunetan sartzeko, Zierbena ziabogan saiatu den arren.
Ohorezko txandan atera dira ikurrinagatik lehiatu diren lau faboritoak: Orio, Zierbena, Donostiarra eta Hondarribia. Aurten ohikoa izaten ari de legez, Orio berriz atera da besteak baino erritmo azkarragoan, eta laster atera die abantaila gainerakoei.
Lehen ziaboga hobeto hartu du Zierbenak baina, eta bi segundora gerturatzea lortu du. Baina gutxi iraun die itxaropenak. Oriok berriz hartu du abiadura eta, laugarren luzerako, ezinezkoa zen jada distantzia laburtzea.
Hala, Oriok Irabazi du Getxoko Ikurrina, aurtengo bosgarren bandera, denbora onenarekin: 19:43. Bigarren Zierbena izan da, 11 segundora, eta hirugarren Donostiarra, 18ra. Hondarribia, berriz, Urdaibairen denboraren atzetik geratu da.
Lehen txandan Kaiku, Ondarroa, San Juan eta Cabo irten dira. San Juanek hartu du ekimena hasieratik, eta Kaiku, berriz, atzean geratu da lehen ziabogan. Aurrera egin ahala, distantziak handitu baino ez dira egin, eta San Juanek aise irabazi du txanda, 20:26 minutuko denborarekin. Bigarren Ondarroa izan da (+17), hirugarren Cabo (+25) eta azken Kaiku (+43).
Bigarren txandan Urdaibai, Getaria, Ares eta Lekittarra atera dira. Bermeoko trainerua, ohorezko txandan aritzen ohitua, azkar jarri da buruan. Hemen ere ez da sorpresarik izan Urdaibai inongo aurkaririk gabe helmugaratu baita, 20:07ko markarekin. Ondoren Getaria (+27), Lekittarra (+34) eta Ares (+42) heldu dira.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.


