Arrauna
Sestaoko Bandera
Oriok bereganatu du Sestaoko Bandera, Eusko Label Liga irabazteko faborito nagusia dela berretsita
G. P. A. | EITB Media
Gorka Aranberri patroiaren mutilek bitik bi garaipen lortu dituzte ligaren hasieran. Portugaleteko uretan, Zierbena izan da bigarrena eta Urdaibai hirugarrena.
-
Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, Sestaoko uretan. Argazkia: EFE
Denboraldia bikain hasi du Oriok. Txapelketa ofizial guztiak irabazi ostean, Eusko Label Ligako lehen bi jardunaldietan gailendu dira Gorka Aranberriren mutilak: atzo, Bilboko itsasadarrean jokatutako erlojupekoan azkarrenak izan ziren, eta gaur Sestaoko Bandera bereganatu dute. Zierbena izan da bigarrena eta Urdaibai hirugarrena.
Estropada oso parekatuta abiatu da. Orio eta Zierbena parean joan dira une oro, eta lehen ziabogaren ostean, ontzi bizkaitarrak aurrea hartu dio, segundo bakarreko aldearekin izan bada ere.
Pixka bat atzerago, hiruzpalau segundora, Urdaibaik eta Donostiarrak lehia izan dute, eta, bigarren luzean, epaileak Bermeoko patroiari ohartarazi behar izan dio, gipuzkoarren ontzira gehiegi hurbildu direlako.
Estropada hirugarren luzean hautsi da. Orio azkarrago atera da bigarren ziabogatik eta, apurka-apurka, Zierbena atzean utzi du, zazpi segundoko aldea hartzeraino. Gorka Aranberriren koadrilak ondo kudeatu du abantaila, eta bigarren garaipena lortu du jarraian liga hasieran honetan.
Zierbena izan da bigarrena, garailearengandik bost segundora, baina, une batez, postu hori galtzeko arriskuan egon da; izan ere, Urdaibaik lan ona egin du, eta azken luzean tartea jan dio Zierbenari, helmugan segundo bakarrera sartuta.
Donostiarrak, berriz, bosgarren tokian bukatu du proba, laugarren tokia kendu baitio bigarren txandan lehiatu den Hondarribiak, ehunengatik izan bada ere.
Sestaoko Banderaren sailkapena.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.



