Arrauna
Kontxako Bandera
Zierbena eta Orio gizonezkoetan eta Arraun Lagunak emakumezkoetan, bandera astintzeko irrikaz
Agentziak |EITB
Gizonezkoen estropada historiako lehiatuena izango da, Zierbena eta Orioren artean 10 ehuneneko alde estua dagoelako. Emakumezkoen kasuan, Arraunek 10 segundora ditu Tolosaldea eta Orio.
-
Arraun Lagunakek 10 segundoko aldea du Tolosaldea eta Oriorekin. Argazkia: Aitor Arrizabalaga ACT
Zierbena, Orio eta Arraun Lagunak dira Kontxako bigarren jardunaldirako faborito nagusiak. Zierbenak eta Oriok hil edo biziko lehia izango dute gizonezkoetan, lehenengo jardunaldiaren ostean 10 ehuneneko aldea bakarrik baitago bien artean.
Emakumezkoetan, aldiz, egoera oso bestelakoa da, Arraun Lagunak Euskotren Ligako txapeldunak 10 segundora baititu Tolosaldea eta Orio.
Gizonekoen lehian, Urdaibaik ere badu aukera Kontxako badian gailendu eta laugarrenez jarraian Kontxako Bandera Bermeo aldera eramateko. Jon Salsamendiren arraunlariek 6 segundora dituzte galipoak eta Gorka Aranberriren ontzia.
Iragan igandean, Orio izan zen azkarrena uretan, baina epaileek jarritako 3 segundoko zigorrak denborarik onena eman zion Zierbenari, aipatutako 10 ehuneneko alde estuarekin.
Horrela, goi-mailako lehia espero da ohorezko txandan, Orio eta Zierbena estropada irabaztera abiatuko direlako. Urdaibai ere izango da bertan, eta laugarrena Donostiarra izango da, baina etxeko traineruak 15 segundo galdu zituen iragan astean.
Kontsolazio txandan, berriz, Getaria (aurtengo ezustekoa) eta Hondarribia arituko dira, San Juan eta Lekittarrarekin batera.
Arraun Lagunakek, dena alde
Arraun Lagunakek dena alde du azken bi urteetan Kontxako Banderan lortutako garaipena errepikatzeko; izan ere, bigarren eta azken jardunaldiari begira, Donostiako ontziak 10 segundora du Tolosaldea eta ia 11ra Orio.
Zumaia da txanda nagusian arituko den laugarren ontzia.
Kontsolazio txandari dagokionez, Astillero, Donostiarra, Hibaika eta Hondarribia lehiatuko dira, faborito argirik gabe.
Sariak
Antotzaileek 85.000 euro banatuko dituzte estropada honetan, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, parte hartzen duten ontzien artean. Irabazleak 25.000 euro poltsikoratuko ditu, eta, horrez gain, Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak 7.500 euro emango dizkio Gipuzkoako lehen ontziari.



