Arrauna
Jardunaldi erabakigarria
Dena edo ezer ere ez Kontxan: bi segundo Bandera lortzeko
Agentziak | Erredakzioa
Hondarribiak ia bi segundoko aldea defendatuko du Urdaibairen aurka denboraldiko estropadarik estimatuenean. Orio eta Kaiku, Ohorezko Txandan horiek ere, bi faboritoengandik urrun daudela dirudi.
-
Hondarribiak ia bi segundoko aldea du Kontxan. Argazkia: EiTB.
Hondarribia eta Urdaibai Kontxako Bandera lortzeko borrokatuko dira igande honetan. Gipuzkoarrek abantaila txikia dute, ia bi segundokoa, baina alde horren garrantzia moralari dagokio batez ere. eitb.eus-ek eta ETB1ek zuzenean emango dute estropada, 10:45etik aurrera.
Bi ontziak daude ia pare-parean, lehen igandeko denborak kontuan izanda, arrauneko garaikurrik onena eta estimatuena erdiesteko. 2014ko irabazlea, azkena, alegia, Urdaibai izan zen.
Oso zaila da iragarpenik egitea; egia da San Miguel Ligan Hondarribia nagusitu dela, baina erregulartasuneko txapelketako azken jardunaldietan hiru aldiz geratu dira bizkaitarrak hondarribiarren gainetik.
Gainera, badirudi Bermeokoek indarrak gorde dituztela Kontxarako, eta Euskadi eta Espainiako txapelketetan euren onena eman dute. Biak eskuratu ditu Bou Bizkaiak.
Askoz ere aukera gutxiago, Orio eta Kaikurentzat
Ohorezko Txandan izango diren beste bi ontzientzako aukerak askoz ere txikiagoak dira; hala ere, ezin da ustekabea baztertu, itsasoaren baldintzak gogorragoak izanez gero. Berez, horrela dago aurreikusita.
Oriok 14 segundo ditu galduta, eta Kaikuk 15. Hasiera batean, badirudi alde handia dela, baina beste urteren batean, baldintza meteorologikoak kontrakoak izan direnean, indargabetuak izan dira.
Beste txandan, lehenengoan, San Juan eta San Pedro Pasaiako bi ontziek egingo dute bat; lehena da faboritoa. Tiranek ere baditu aukerak; izan ere, seigarren denborarik onena egin zuen aurreko igandean. Donostiarrak, bere aldetik, ez du ematen aukerarik duenik.
Lehia handia emakumezkoetan
Emakumezkoetan ere, lehia handia izango da; hain zuzen, San Juan, Zumaia eta Hibaika, lehen hiru sailkatuak, hiru segundoan daude. Pasaitarrek dute, antza, irabazteko aukera apur bat handiagoa.