Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Asteburu erabakigarria

TKE Liga: Bermeokoa, urduritasunez betetako estropada

Erredakzioa

Urdaibai da San Miguel Ligako liderra, bi puntuko aldea kentzen dio Oriori. Ordu erdi lehenago hasiko da TKE Ligari eusteko edo igotzeko lehia: Zumaia, Santurtzi, Camargo eta Samertolameu.

Urdaibaik San Miguel Liga eta Caja Madril Koroa lotu nahi ditu bere herriko zaleen aurrean. TKE mailan mantendu edo bertara igotzeko kanporaketako lehen jardunaldia ere jokatuko da, eta lau ontzi ariko dira lehian, bi txartel lortu asmoz: Zumaia, Santurtzi, Camargo eta Samertolameu.

Uda bukatzear da, eta udazkena bere tokia eskatzen hasi da. San Miguel Liga azkenekotan da, baina urtero legez, handikiro bukatu nahi du, emozioz betetako bi estropadekin, urduritasunez betetako bi probekin. Dena dago jokoan azken asteburuan. Bermeon aurrena, larunbatez, eta Portugaleten ondoren, igandean. Bermeoko estropada 16:30ean hasiko da, eta Ligako 17. proba puntuagarria izango da.

Estropada gogorra izango da urduritzeko joera daukanarentzat. Urdaibai da San Miguel Ligako liderra. Bi puntuko aldea kentzen dio Oriori, izerdi asko bota eta majo sufritu ondoren. Caja Madril Koroa eman edo ken dezaketen puntu bi dira. Urdaibai Umpro Avia da faboritoa, baina Orio Amenabar ez da berehalakoan belaunikatuko. Parekotasun handia ikusi da aurten Ligan, eta estropada batean irabazitako altxorra hurrengoan gal daiteke. Horrek emozio handia emango dio Bermeoko estropadari. Bou Bizkaia ontzia etxeko zaleen epelean ariko da, baina horrek gehiegizko presioa ere eragin dezake arraunlariengan.

Zer esan ACT mailari eusteko, eta maila horretara igotzeko kanporaketari dagokionez? San Miguel Ligako garailea erabaki baino ordu erdi lehenago hasiko da bi txartel lortzeko borroka. Zumaia Altuna y Uria onenen artean mantentzen saiatuko da beste urtebetez, baina Zumaiak bere aldaretik jaitsarazi nahi duten lau aurkari gogor ditu: ARC-1 Ligako lehen bi sailkatuak, Santurtziko Sotera eta Camargo, eta Galiziako Ligako bigarren traineru onena: Samertolameu. Lau ontziek erlojupekoan egingo dute arraun, elkarren artean minutu bateko tartea dagoela. Puntuazioa eta bestelako bete beharrekoei dagokionez, V. Arauan, Igoera eta Jaitsiera sistemak atalean jasotakoa erabiliko da irizpide gisa. Estropadako garaileak lau puntu lortuko ditu, bigarren sailkatuak hiru, eta horrela, laugarren postua arte. Sistema berdina erabiliko da Portugaleten ere, igandean, eta bi estropadak batuta puntu gehien lortzen dituzten bi ontziek lortuko dute San Miguel Ligan aritzeko txartela. Puntu batuketaren ostean berdinketaren bat sortuko balitz, bi estropadetako denbora batuketa erabiliko da berdinketa hori hausteko

Portugaleteko estropadak San Miguel Ligako txapelduna erabakiko du. Baita 2011ko San Miguel Ligako 12 klubak zein izango diren ere. 12:00etan hasiko da jardunaldia.

Sailkapen orokorra:

1 Urdaibai Umpro Avia 166
2 Orio Amenabar 164
3 San Juan Iberdrola 134
4 Naturhouse Castro 125
5 Pedreña 112
6 Astillero 108
7 Tirán Pereira 101
8 San Pedro Ecolmare 101
9 Hondarribia Orsa 90
10 Kaiku Ambilamp 89
11 Zumaia Altuna y Uria 40
12 Zarautz Inmob. Orio 18