Arrauna
Kontxako Bandera/gizonak
Hondarribiak eraman du Kontxako Bandera, bigarrenez jarraian
L.E. | eitb.eus
Ama Guadalupekoak ohorezko txanda irabazi du, Orio aurkari nagusiaren aurretik, segundo bateko aldearekin. Iragan igandetik, bost segundo eta erdiko aldea zuten alde hondarribiarrek.
Hondarribiak gogoz egin behar izan du lan Kontxako Bandera bigarrenez jarraian irabazteko. Bost segundo eta erdiko aldearekin iritsi da bigarren jardunaldira, eta abantaila hori galtzear izan da lehen luzean Oriok egindako lan bikainari esker, baina lehen ziabogaren ostean ez da zalantza egiteko aukerarik izan.
Oriok, Hondarribiak eta Santurtzik oso parekatuta hasi dute estropada. ‘Txiki’ ontzia aurretik jarri da, baina hondarribiarrak gertu izan dituzte beti, lehen jardunaldiko aldeari eutsi nahian.
Gorka Aranberriren traineruak lau segundoko aldea zabaltzea lortu du, baina Joseba Amunarrizen mutilek olatu on bat hartu dute orduan, eta estropadaren buruan jarri dira. Kolpe erabakigarria izan da, oriotarrei 2-3 segundo arteko aldea sartu dietelako.
Bi traineruen arteko norgehiagoka oso polita izan da azken luzean. Oriok ez zuen jada aukerarik bandera irabazteko, baina txanda eta estropada irabazi nahi zuen. Hondarribiak, baina, ondo babestu du bere aldea.
Donostiarra nagusi, kontsolazio txandan
Kontsolazio txandak ere izan du gatzik, eta zaleek benetan gozatu dute itsasoan ikusitako lehiarekin. Etxeko traineruak (Donostiarra) estropada ederra egin du, eta horrek lortu du denborarik onena.
Bermeo donostiarrei aurre egiten saiatu da lehen luzeetan, baina estropadak aurrera egin ahala bizkaitarrak atzean geratu dira.
Ondarroa hirugarren izan da txanda honetan, eta Kaiku, berriz, laugarren.