Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Getariako Ikurrina

Getarian irabazita, Eusko Label Liga urdinez tindatu du Urdaibaik amaierarako bi jardunaldiren faltan

EITB MEDIA

Ekaitza eta itsaso zakarra protagonista izan dituen jardunaldian, Zierbenak bigarren egin du, Donostiarrak hirugarren, Kaikuk laugarren eta Hondarribiak bosgarren.

1:37
Urdaibai, Getariako Ikurrinarekin

Urdaibaik irabazi du Getariako Ikurrina, estropada eremu oso zail batean erakustaldia emanda. Zierbena izan da bermeotarren erritmoari eutsi ahal izan dion bakarra. Ondorioz, Gorka Aranberrik eta bere arraunlariek oso gertu dute Eusko Label Ligako koroa irabaztea, Hondarribia aurkari nagusia bosgarren egin baitu.

Estropada 15 minutuko atzerapenarekin hasi da, ekaitz batek sortutako baldintza arriskutsuen ondorioz.

Ohorezko txanda ere berandu hasi da, berriro ere baldintzek hobera egiteko itxaron behar izan dutelako. Horrek urduritasuna sortu du arraunlari guztiengan, Urdaibairen eta Hondarribiaren ontzietan bereziki, Ligako lehen postuagatik lehian izan direlako. Olatu batek edo baldintzen bat-bateko aldaketa batek estropada goitik behera aldatu zezakeen.

Ohorezko txandaren hasieran, Urdaibai atzean geratu da, baina Hondarribiarengandik asko urrundu gabe. Baia lehen ziabogan Bou Bizkaia lehian sartu da berriro, maniobra bikaina eginda.

Hondarribia eta Donostiarra atzean geratzen hasi dira, itsaso biziarekin borrokan, eta lan erdietarako estropada ia galduta izan dute eta garaipena Urdaibairen eta Zierbenaren arteko gauza izan da.  

Aurten ohikoa izan den moduan, Bou Bizkaiak azken luzean erabaki du estropada; Zierbena harrapatu eta atzean utzi dute, lehia eder batean. Azkenean, Urdaibai nagusitu da, galipoei 4 segundo aterata. Donostiarra hirugarren izan da 19 segundora, lehen txandan gailendu den Kaiku laugarren, eta Hondarribia bosgarren 50 segundora.

Kaiku eta Orio

Lehenengo txandan, eta azken postuak erabakita (Samertolameuk maila galdu du jada eta Santurtzik play-offa jokatu beharko du), Kaikuk eta Ondarroak datorren astean jokatuko den Kontxako estropadari begira lehiatu dira.

Sestaoko ontziak estropada bikaina egin du, txanda irabazi eta ohorezko txanda hasi arte denbora onena egin dute.

Bigarren txandan, berriz, Orioren eta Getariaren arteko lehia izan da protagonista nagusia. Orio larunbatean Ondarroako Bandera irabaztetik zetorren, eta Getaria etxean aritu da. Azkenean, etxeko ontzia gailendu da segundo bakar bategatik. Hirugarren Lekittarra izan da eta laugarren Cabo.

Urdaibai, lider sendoa

Eusko Label Ligako sailkapenari dagokionez, Urdaibaik 9 puntuko aldea du Hondarribiarekin, 12 Zierbenarekin eta 39 Donostiarrarekin. Gaurkoa bermeotarren 10 garaipena izan da.

Getariako Ikurrinako denborak

Getariako Ikurrinako denborak

Eusko Label Ligako sailkapena

Eusko Label Ligako sailkapena