Itxi

Alaves

EA Sports Liga

Alavesek porrot egin du Betisen aurka (1-0)

I. G. | EITB

Lo Celsok lehen zatian sartutako golak garaipena lortzeko balio izan dio Sevillako taldeari, area barruan asmatzea falta izan zaion Alavesen aurka.

  • Aleña (Alaves) eta Lo Celso (Betis) partidan.

    Aleña (Alaves) eta Lo Celso (Betis) partidan. Argazkia: EFE

Alavesek 1-0 galdu du Betisen aurka ostiral honetan Cartujan jokatu den EA Sports Ligako 2. jardunaldiko partida. Lo Celsok lehen zatian sartutako golak garaipena lortzeko balio izan dio Sevillako taldeari, area barruan asmatzea falta izan zaion Alavesen aurka.

5 minutu ere ez dituzte behar izan babazorroek aurkariaren atera iristeko. Carlos Vicentek baloi bat lapurtu du eta Guridiri eman dio area barruan. Honek Bartrari ihes egin dio, baina jaurtiketa erdiratuegi atera zaio.

Susto horren ondoren, Betis oso goian hasi da presioa egiten, eta markagailua ireki du 16. minutuan. Erdiraketa batean, Ottok etxekoen lehen errematea itxi du, baina baloia oinetara erori zaio Lo Celsori, eta nahi bezala sartu du gola (1-0).

Hortik aurrera, Arabako taldeak hasieran erakutsi duen energia moteldu egin da, eta Betisek hartu du partidaren gidaritza. Guridik gola egiteko abagunea izan du berriro, baina aurkako markagailuarekin joan dira azkenean atsedenaldira.

Coudetek aldaketa hirukoitza egin du bigarren zatia hasi eta gutxira, egoerari buelta ematen saiatzeko, Abde, Guevara eta Mariano Guridiren, Ibañezen eta Toni Martinezen ordez sartuz. Aldaketek energia berritu diote Alavesi, eta Abdek jaurtiketa indartsua egin du, baina Pau Lopezek ezerezean utzi du geldiketa ona eginez.

Azken ordu laurdenean, Alavesek gora jo du, urruneko jaurtiketekin zortea probatuz, baina Betis ondo kokatuta egon da. Azkenean, Arabako taldea punturik gabe itzuli da Gasteizera.

Fitxa teknikoa:

1 - Betis: Pau Lopez; Bellerin, Bartra, Natan, Junior Firpo (Ricardo Rodriguez, 71. min); Altimira, Fornals; Ruibal, Lo Celso (Valentín Gomez, 86. min), Riquelme (Pablo Garcia, 59. min); Cucho Hernandez (Bakambu, 86. min).

0 - Alaves: Sivera; Jonny Otto, Garces, Tenaglia, Víctor Parada (Calebe, 78. min); Carlos Vicente, Blanco (Pinillos, 88. min), Pablo Ibañez (Guevara, 58. min), Aleña; Guridi (Rebbach, 58. min); Toni Martinez (Mariano, 58. min).

Golak: 1-0, 16. min: Lo Celso.

Epailea: Miguel Angel Ortiz. Txartel horia atera die Betiseko Lo Celsori eta Pau Lopezi eta Alaveseko Pablo Ibañezi, Garcesi eta Blancori.