Itxi

Alaves

2-0

Alavesek garaipena lortu du Getaferen aurka eta amaiera eman dio bolada txarrari

eitb.eus

Arabako taldeak 2-0 irabazi du Mendizorrotzan. Laguardiak sartu du lehen gola, Munirrek bigarrena eta Antunesek Getaferen aldeko penalti bat huts egin du.

  • Munir eta Guidetti, Alaves. Argazkia: EFE

    Munir eta Guidetti, Alavesek Getaferi sartutako bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE.

Alavesek 2-0 irabazi dio Getaferi Mendizorrotzan Ligako 31. jardunaldiari dagokion partida. Arabako taldeak lau partida jarraian zeramatzan garaipenik lortu gabe, baina larunbat honetan agur esan dio bolada txar horri.

Lehen zatia borroka askokoa, baina abagune gutxikoa izan da. Bi taldeetako batek ere ez du nagusi izatea lortu lehen 45 minutuetan. Alavesek 29. minutuan sortu du lehen arriskuko jokaldia, gora joan den Burguiren jaurtiketa baten bitartez. Getafek, aldiz, 37. minutuan erantzun du Jorge Molinak buruz kanpora bidali duen erremate batekin.  Atsedenaldira iritsi baino lehen, Manu Garciaren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da.

Bigarren zatian ere abaguneak ez dira ugariak izan. Hala ere, Alaves erasokor zelairatu da, eta 52. minutuan aurrea hartu du; Munirrek falta atera eta Laguardiak 1-0ekoa sartu du, errematea sare barrura bidalita. Golaren ostean, bi taldeetako batek ere ez du abagune askorik sortu, baina 75. minutuan Munirrek 2-0ekoa sartu du Guidettiren pasea sare barrura errematatuta. Getafek ez du ezer asko egin erasoan, baina 80. minutuan aldeak murrizteko abagune paregabea izan du; Duartek penaltia egin dio Remyri, epaileak adierazi egin du, eta Antunesek kanpora bota du jaurtiketa. Hortxe amaitu dira Getaferen esperantza guztiak eta Alavesek nahiko garaipen erosoa lortu du.

Fitxa teknikoa:

2 - Alaves: Fernando Pacheco; Aguirregabiria, Laguardia, Ely, Ruben Duarte; Sobrino, Pina, Manu, Burgui (Alexis, m.85); Guidetti (Wakaso, m.92), Munir (Ibai Gomez, m.76).

0 - Getafe CF: Guaita; Damian Suarez, Djene, Cabrera, Antunes; Gaku (Dani Pacheco, m.61), Markel Bergara (Flamini, m.50), Fajr, Amath; Jorge Molina (Remy, m.72), Angel.

Golak: 1-0: M.47: Victor Laguardia; 2-0: M.75: Munir.

Epailea: Jaime Latre.