Itxi

Alaves

Lesioa

Ximo Navarrok ez du tinpanoa zulatuta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Atzelari babazorroak tupusteko gogora hartu zuen Wakaso Mubarak taldekidearekin. Ghanako jokalariak ezkerreko sorbalda bihurritu zuen kolpearen ondorioz.

  • Navarro eta Mubarak, min hartuta zelai erdian.

    Navarro eta Mubarak, min hartuta zelai erdian.

Ximo Navarro Alaveseko defentsak ez dauka tinpanoa zulatuta, atzo, igandez, egindako probek erakusten zutenaren kontrara.

Balearretako jokalariak kolpe gogorra jaso zuen Wakaso Mubarak taldekidearen aurka tupust eginda, Gasteizko taldeak Vila-realen aurka Mendizorrotzan jokatu zuen partidan. Horren ondorioz, ohatilan atera behar izan zuten zelaitik.

Bi jokalariei egin zizkieten lehendabiziko proben arabera, atzelariak zulatuta zeukan tinpanoa; Ghanako erdilariak, berriz, ezkerreko sorbalda bihurrituta.

Aitzitik, astelehen honetan proba gehiago egin zaizkio Navarrori hainbat adituren eskutik, eta haiek baztertu egin dute hasiera bateko diagnostikoa. Horrenbestez, erdiko atzelariak apurka-apurka ekingo dio gainerako taldekideekin batera entrenatzeari datozen egunetan.