Itxi

Alaves

Fitxaketak

Mugimenduak Alavesen: Rolan eta Blanco heldu dira; Sobrino, Torres eta Dieguez badoaz

eitb.eus

Bi izen berrirekin eta hiru irteerarekin esan dio agur neguko merkatuari talde gasteiztarrak.

  • Diego Rolan Malagaren elastikoarekin, joan zen denboraldian

    Diego Rolan Malagaren elastikoarekin, joan zen denboraldian. Argazkia: EFE

Alavesek hainbat mugimendu izan ditu neguko merkatua itxi den azken egunean; izan ere, hiru irteera eta bi etorrera iragarri ditu.

Taldera heldu berri diren jokalariei dagokienez, azken izena Diego Rolan uruguaitarrarena izan da. Deporreko jokalaria den aurrelariak utzita helduko da Gasteizera. Rolanek Leganesen eman ditu denboraldi honetako lehen hilabeteak, han ere utzita zegoela. Alabaina, hiru kluben arteko akordioa bide, Arabako hiriburuan arituko da denboraldia amaitu arte, Abelardoren aginduetara.

Madrilgo taldearekin 8 partida jokatu ditu guztira orain arte. Aurretiaz ere Ligan ibilitakoa da Rolan, joan zen denboraldian Malagan jardun baitzuen. 27 norgehiagokatan aritu zen andaluziarrekin, eta 5 gol erdietsi zituen.

Talde gasteiztarrak baieztatu duen bigarren jokalari berria Alex Blanco da. Valentziaren bigarren taldean ari zen jokatzen, baina babazorroen elastikoa jantziko du ekainaren amaierara arte.

Sobrinoren agurra

Irteerei dagokienez, horietako nagusiena Ruben Sobrinoren salmenta izan da. Ciudad Realeko aurrelariak Valentzian jokatuko du 2022ko ekainera bitartean. Gasteizen eman duen denboran (bi denboraldi eta erdi) 71 partida jokatu ditu (horietako erdia baino gehiago titular gisa) 12 gol sartuta, Liga eta Kopa artean.

Horrez gain, Dani Torres eta Adrian Dieguez jokalariak ere beste talde batzuetan izango dira denboraldia bukatu bitartean. Erdilari kolonbiarra Albacetera joango da, eta, atzelari madrildarrak, berriz, Huescan jardungo du datozen hilabeteetan.