Itxi

Alaves

21. JARDUNALDIA

Alavesek galdu egin du estreinakoz Mendizorrotzan (0-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Raul de Tomasek bigarren zati hasieran sartu duen golak hiru puntuak eman dizkio Rayo Vallecanori

  • Alaves-Rayo partida hasi aurretiko uneak, harmailak erdi hutsik daudela, protesta gisa.

    Alaves-Rayo partida hasi aurretiko uneak, harmailak erdi hutsik daudela protesta gisa. Argazkia: ETB

Alavesek galdu egin du Rayoren aurka Mendizorrotzan (0-1), bigarren zatia hasi eta berehala (47. minutua) Raul de Tomasek buruz sartu duen gol bat dela medio, Ligako 21. jardunaldia itxi duen partidan.

Garaipen horrekin madrildarrak jaitsiera postuetatik irten dira behin-behinean. Aitzitik, denboraldi honetan lehen aldiz, gasteiztarrak esku hutsik atera dira euren zelaitik; izan ere, Abelardorenek ez zuten etxean galtzen 2018ko apirilaren 29tik.

Harmailetan apenas zalerik zegoela eman zaio hasiera partidari, bi taldeetako jarraitzaileek protesta egin nahi izan baitute Ligako norgehiagoken ordutegiengatik, eta, batez ere, astelehenetan jokatzen diren neurketengatik. Horrenbestez, hasierako 5 minutuetan jarraitzaileek hutsik utzi dituzte euren eserlekuak, eta, tarte hori igaro ostean, zelaira sartu dira aldarrikapen mezu eta abesti artean.

Lehen zatian lehia parekatuta joan da. Dena den, etxeko taldeak izan du abagune garbiena atsedenaldia heltzear zegoela. Rayoko Amatek baloia galdu du zelai erdian, eta Alaveseko jokalariak arin atera dira kontraerasoan. Baloia Burguiri heldu zaio, eta area barruan sartu da, baina bere azken jaurtiketak Dimitrievskiren eskuineko zutoinaren aurka jo du.

Haatik, barkatu ez duena Michelen taldea izan da. Bigarren zatiari heldu eta berehala, Trejok zutoinera bidali du bere saiakera, baina hurrengo jokaldian baloia Raul de Tomas zegoen tokira iritsi da, eta madrildarraren burukadak Pachecoren ate barruan amaitu du.

Abelardoren jokalariak berdinketa lortzen ahalegindu dira, bereziki neurketako azken minutuetan, baina ez dute aparteko aukerarik sortzeko gaitasunik erakutsi gaurkoan. Ordea, Bebe Rayoren bigarrena lortzetik gertu egon da, baina Pachecok kornerrera aldendu du bigarren zatian zelairatutako portugaldarraren jaurtiketa indartsua.

Hartara, Alavesek galdu egin du denboraldian lehen aldiz Mendizorrotzan. Aitzitik, arabarrek 32 punturekin jarraitzen dute, jardunaldiaren aurretik zeuden toki berean, hau da, sailkapeneko bosgarren koskan.

Bere aldetik, Rayok 23 puntu ditu dagoeneko, eta Bigarren Mailarako bidea daramaten duten postuetatik libre da oraingoz. Seigarren jardunalditik zegoen bertan sartuta, eta orain Celta da egoera horretan murgildu dena (21 puntu).

Fitxa teknikoa:

Alaves 0: Pacheco, Martin, Laguardia, Maripan, Duarte, Burgui (Sobrino, 75. min), Brasanac, Manu Garcia (Jony, 67. min), Wakaso, Borja Baston (Guidetti, 75. min) eta Calleri.

Rayo Vallecano 1: Dimitrievski, Advincula, Amat, Velazquez, Abdoulaye, Alex Moreno, Embarba (Alvaro, 66. min), Imbula, Comesaña, Trejo (Bebe, 79. min) eta Raul de Tomas (Medran, 86. min).

Gola: 0-1, 47. min: Raul de Tomas.

Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak: Maripan eta Pacheco (Alaves); Alex Moreno, Imbula, Comesaña, Medran eta Bebe (Rayo Vallecano).