Itxi

Alaves

Garaipena etxetik kanpo

Alavesek bolada onari eutsi dio Huescan irabazita (1-3)

Agentziak | Erredakzioa

Arabarren golak Jonathan Callerik, bi, lehenengoa penaltiz, eta John Guidettik egin dituzte. Huescarena, berriz, 'Chimy' Avilak egin du, honek ere penaltiz.

  • Jonathan Callerik bi gol egin dizkio Huescari

    Jonathan Callerik bi gol egin dizkio Huescari. Argazkia: Efe.

Alavesek boladan jarraitzen du Huescaren etxean hiru puntuak irabazi eta gero. Dagoeneko sei dira Abelardoren taldeak galdu gabe daramatzan partidak eta, ondorioz, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen dituzten postuak gero eta gertuago dituzte. Huescak, berriz, gero eta zailagoa du datorren denboraldian lehen mailan jarraitzea.

Partida hasiera ezohikoa izan da, lehen 13 minutuetan bi penalti izan baitira, zelaian beste ezer gertatzeko denborarik gabe.

Lehenengo penaltia 11. minutuan izan da, arabarren alde. Martin Mantovanik baloia besoarekin ukitu du area barrua eta epaileak, VAR laguntzaile teknikoaren irudiak aztertu ostean, penalti adieraztea erabaki du. Zigorra Jonathan Calleri argentinarrak jaurti eta sartu du.

Baina aldeaz gozatzeko astirik ez dute izan gasteiztarrek. Bi minutu geroago beste penalti bat adierazi baitu epaileak, baina oraingoan Alavesen kontra.

David Ferreirok buruarekin egindako errematea eskuarekin moztu du Ximo Navarrok eta Undiano Mallencok ez du zalantzarik izan, oraingoan ez du VAR laguntzailearen beharrik izan. Oraingoan 'Chimy' Avilak jaurti eta sartu du penaltia, markagailuan berdinketa berrezarriz.

Bi gol sei minututan

Bigarren zatian gauzak ez dira aldatu. Huescak eta Alavesek golik ez hartzea izan dute helburu nagusi, eta jokoak bizitasuna galdu du.

Baina minutuek aurrera egin ahala, etxeko taldeak aurrera pausoa eman du, sailkapenean bizi duen egoera latzaren ondorioz. Gogoa jarri dute, baina ideia gutxirekin.

Hala ere, golak Alavesek egin ditu. 80. minutuan, John Guidettik 1 eta 2koa egin du korner baten ondorioz, eta 86.ean, Huesca berdinketaren bila jo eta ke ari zenean, Wakasok pase bikaina man dio Calleriri eta argentinarrak bere bigarrena egin du, Alavesen hirugarrena, partida erabakita uzteko.


Fitxa teknikoa

1 - Huesca: Santamaría; Miramón (Rivera, 28. min), Mantovani, Pulido, Diéguez, Ferreiro; Gallar ("Cucho" Hernández, 61. min), Moi Gómez (Juanpi, 82. min), Yangel Herrera; "Chimy" Avila, Enric Gallego.

3 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripán, Martín; Pina, Darko (Manu, 78. min); Inu, Borja Bastón (Guidetti, 72. min), Jony (Wakaso, 84. min); Calleri.

Golak: 0-1. min.11. Calleri (penaltiz); 1-1. 13. min. "Chimy" Ávila (penaltiz); 1-2. 80. min. Guidetti; 1-3. 86. min. Calleri.