Itxi

Alaves

1-1

Alavesek puntu bat urratu du Atletico Madrilen aurka

Erredakzioa

Bana (1-1) berdinduta amaitu da Mendizorrotzan jokatu den Ligako 11. jardunaldiko partida. Moratak sartu du lehen gola, eta Lucas Perezek berdindu du norgehiagoka.

  • Lucas Perez, Alaves. Argazkia: EFE

    Lucas Perez (Alaves), Atletico Madrili sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek bana berdindu du Atletico Madrilen aurka (1-1) Mendizorrotzan jokatu duen Santander Ligako 11. jardunaldiko partida. Ondorioz, 12 punturekin geratzen da Arabako taldea sailkapenean.

Lehen zati kaskarra eskaini dute bi taldeek. Jokoa behin eta berriro eten da, falta ugari egon direlako, eta Mendizorrotzara hurbildu diren zaleek ez dute abagune bakar bat ere ikusi lehen 45 minutuetan.

Bigarren zatia biziagoa izan da, eta gol aukerak ikusi ahal izan dira. Joseluk gertu izan du gola 49. minutuan, baina buruz egin duen errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Hiru minutu beranduago etorri da Atletico Madrilen erantzuna; Saulek pase bikaina eman dio Lodiri, eta honen jaurtiketa gurutzatuak ez du atea aurkitu. Duartek area kanpotik egin duen jaurtiketa Oblak atezainak gelditu du arazo gehiegirik gabe, eta Magallan Alaveseko erdiko defentsak koltxoneroen gola eragotzi du 66. minutuan, baloia aldenduz Diego Costa errematerako prest zegoenean.

Neurketa parekatuta egon da azken txanpan sartu denean, baina, pixkanaka Atletico Madril nagusi izaten hasi da. Moratak pase dotorea eman dio Diego Costari, brasildarra errematea egitera iritsi ez den arren. Gero eta arrisku gehiago sortzen ibili da Simeonek zuzentzen duen taldea, eta, 71. minutuan, Moratak 0-1ekoa sartu du Correaren pasea jaso eta Pacheco atezaina gaindituta.

Gola sartu  eta minutu bat beranduago, bigarren gola sartzetik gertu egon da talde koltxoneroa, baina Pacheco atezainak eragotzi egin du, Morataren jaurtiketa hankarekin desbideratuta. Neurketako 75. minutuan izan du Alavesek partida berdintzeko aukera; Aleix Vidalek falta atera, baloia solte geratu da area barruan, eta Burkeren errematea atepetik atera du Ariasek.

Bazirudien Atletico Madrilek kontrolpean zuela neurketa, baina Lucas Perezek area kanpotik jaurtiketa bikaina egin, eta partida berdindu du (1-1) 82. minutuan, gol ikusgarria sartuta. Azken minutuetan bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik izan, eta neurketa berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco; Aguirregabiria, Laguardia, Magallan, Duarte; Vidal, Wakaso (Burke, 75. min), Manu Garcia, Rioja (Pons, 68. min); Joselu (Tomas Pina, 88. min) eta Lucas Perez.

1 - Atletico Madril: Oblak; Arias, Felipe, Hermoso, Lodi; Herrera (Morata, 60. min), Llorente (Thomas, 46. min), Saul, Lemar; Diego Costa (Koke, 70. min) eta Correa.

Golak: 1-0, 70. min: Morata. 1-1, 83. min: Lucas Perez.

Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak atera dizkie Wakaso (29. min), Laguardia (61. min), Manu Garcia (89. min) Alaveseko futbolariei, Llorente (16. min), Felipe (75. min) eta Hermoso (89. min) Atletico Mdrileko jokalariei.