Alaves
Soint Mox, 13:00etan
Jaitsieratik urruntzen jarraitu nahi du Alavesek Mallorcan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bederatzi puntuko aldea dago bi taldeen artean sailkapenean.
-
Laguardia, Alavesen eta Mallorcaren arteko partidan. Argazkia: EFE
Alavesek jaitsiera postuetatik are gehiago aldendu nahi du larunbat honetan Mallorcaren etxean (13:00), Santanderren Ligako hogeita laugarren jardunaldian.
Babazorroek bigarren itzuliaren hasiera bikaina eman diote, azken 12 puntuetatik 7 bereganatu baititu. Gainera, nabaren egin du hobera bisitari gisa diharduenean, eta horren adierazle dira Levanten eta Sevillan pilatutako lau puntuak.
Asier Garitanok joera horri eutsi nahi izango dio, eta horretarako ia talde osoa izango du gertu, Tomas Pina eta Roberto Jimenezen baja jakinak salbu, ez baitu jokalari zigorturik Soin Moix bisitatzeko.
Egoera horrekin eta kanpoan jokatu arren, litekeena da entrenatzaile gipuzkoarrak azken lehian plazaratutako marrazki taktikoari eustea, Ramon Sanchez Pizjuanen erabilitakoa albo batera utzita.
Bere aldetik, Espanyol eta Leganesek bezala 18 puntu dituen Mallorcarentzat gasteiztarren kontrako partida jaitsiera saihesteko xedea gauzatzeko bidean jokatu beharko dituen final ugarietako lehena izango da.
Realaren (3–0), Valladoliden (0–1) eta Espanyolen (1–0) aurka jarraian galdu dituen hiru neurketen ostean, Valentziaren aurkako azken garaipenean izandako sentsazio onak berreskuratu nahi dituzte baleartarrek (4–1).
Son Moix jada ez da bata bestearen atzetik lortutako bi igoeretan zen zelai garaitezina, eta Vicente Morenok zuzentzen duen taldeak 19 puntu galdu ditu bertan, nahiz eta Valentziaz gain, Eibar (2–1), Real Madril (1–0), Vila-real (3–1) eta Espanyol (2–0) garaitu dituen etxean.
Litekeena da entrenatzaile valentziarrak Espanyolen aurka zelairatu zuen hamaikakoaren alde egitea, nahiz eta erasoan zenbait aldaketa sartu. Hala, adibidez, Take Kubo japoniarra, Real Madrilek utzita dagoena, hasierako hamaikakora itzul daiteke, Aleix Febas ordezkatuz.
Balizko hamaikakoak
Mallorca: Reina, Pozo, Raillo, Valjent, Lumor; Dani Rodriguez, Baba, Salva Sevilla, Kubo, Lago Junior edo "Cucho" Hernandez eta Budimir.
Deportivo Alaves: Pacheco, Ximo, Laguardia, Magallan, Duarte, Burke, Fejsa, Camarasa, Vidal, Joselu eta Lucas Pérez.
Epailea: Pizarro Gomez.
VARa: Soto Grado.
Futbol-zelaia: Son Moix.
Ordua: 13.00.