Itxi

Alaves

Igandean, 21:00etan

Reala liderrak bisita egingo dio Real Madrili irabaztetik datorren Alavesi

Agentziak | Erredakzioa

Donostiarrek Oyarzabal kapitainaren baja dute, Europan jokatutako partidan lesionatu zelako. Alavesek, berriz, puntuek etxetik ihes egitea ekidin nahi du.

  • Aurreko denboraldiko Alaves-Reala derbiaren irudia

    Aurreko denboraldiko Alaves-Reala derbiaren irudia. Argazkia: Efe.

Alaves eta Reala, sasoi onean dauden bi talde, aurrez aurre izango dira igandean Mendizorrotzan jokatuko den euskal derbian. Hala ere, biek baja garrantzitsuak dituzte LaLigako 12. jardunaldiko neurketari begira.

Gasteiztarrak denboraldiko momentu gozoenean daude; bost jardunaldi daramatzate partidarik galdu gabe eta aurrekoan Real Madrili irabazi zioten Valdebebasen (1-2).Garaipen horrek aparteko konfiantza eman die Pablo Machinen jokalariei.

Halaber, azken asteetan Bartzelonak eta Valentziak lanak izan dituzte arabarren zelaitik puntu bat ateratzeko.

Pere Pons, lesionatuta, eta Manu Garcia, koronabirusagatik bakartuta, dira Alavesen baja bakarrak. Aldiz, Lucas Perez eta Joselu Mato gero eta hobeto ari dira eta aurreko denboraldian erabakigarriak izan ziren bi jokalarien antza gero eta handiagoa dute.

Realari dagokionez, donostiarrak Mikel Oyarzabal gabe arituko dira Mendizorrotzan. Neurketa garrantzitsua da gipuzkoarrentzat; emaitza ona nahi dute, ostegunean Napoliren aurka Europa Ligan jokatu behar duten partida erabakigarriari begira.

Kapitainaren baja oso garrantzitsua da, Oyartzabal baita taldeko liderra. Hala ere, partida honetarako Imanolek beste jokalari garrantzitsu bat errekuperatu du, David Silva. Zalantza bakarra Aritz Elustondorena da.

Balizko hamaikakoak:

Alaves: Pacheco; Ximo, Lejeune, Laguardia, Duarte; Battaglia, Pina, Peleteiro, Rioja; Joselu y Lucas Pérez.

Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Muñoz; Guevara, Merino, Roberto López; Barrenetxea, Jon Bautista y Januzaj.

Epailea: Munuera Montero (Andaluziako batzordekoa).

Estadioa: Mendizorroza.

Ordua: 21.00etan.