Itxi

Alaves

SmartBank Liga

Alavesek golik gabe berdindu du Albaceteren aurka (0-0) Mendizorrotzan

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak puntu bat lortu du SmartBank Ligako 10. jardunaldiko norgehiagokan eta bigarrenez jarraian geratu da garaipena erdietsi gabe.

  • Alaves - Albacete (0-0)

    Alaves - Albacete (0-0). Argazkia: @Alaves

Alavesek berdindu egin du Albaceteren aurka (0-0) asteazken honetan (urriak 12) Mendizorrotzan jokatu duen SmartBank Ligako 10. jardunaldiko norgehiagoka eta bigarrenez jarraian geratu da garaipenik erdietsi gabe.

Alaves - Albacete (0-0) partidako laburpena eta jokaldi onenak

Neurketaren hasiera ez da ona izan Alavesentzat, hasierako minutuetan Albacetek sustoa eman baitu gola sartuta, baina epaileak baliogabetu egin du. Gainera, 18. minutuan Luis Garcia Plaza entrenatzaileak aldaketa egin behar izan du Aleksandr Sedlarrek min hartu baitu; haren ordez Nikola Maras zelairatu du. Partidako 33. minutuan izan du Alavesek abagune argia, baina Salva Sevillak ateratako eta Toni Moyak errematatutako baloia Altube atezainak desbideratu du, gola eragotzita.

Bigarren zatiak erritmo biziagoa izan du. Alavesek hobeto jokatu eta presionatu du. Luis Riojak egin du lehen saiakera, nahiz eta jaurtiketa kanpora joan zaion. Albacetek ez dio erasoari uko egin, baina Sivera atezainak ez du lan gehiegirik eduki.

Norgehiagokako 68. minutuan Alavesek gola sartu du, baina epaileak baliogabe utzi du VARa kontsultatu ostean Jon Guridik jokaldian parte hartu baitu, eta jokoz kanpo egon baita. Azken txanpan Miguel De la Fuente bakarrik geratu da Albaceteko atezainaren aurrean eta atezainak gola saihestu du, errematea desbideratuta.

Gauzak horrela, ez da golik egon Mendizorrotzan, partida berdinduta amaitu da, eta talde bakoitzak puntu bat bereganatu du.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Sivera; Javi Lopez, Sedlar (Maras, 18. min), Abqar, Arroyo; Salva Sevilla (Benavidez, 72. min), Moya (Balboa, 80. min); Rioja, Guridi (Miguel, 72. min), Rober (Alkain, 72. min); eta Hara.

0 - Albacete: Altube; Alvaro, Glauder (Djetei, 72. min), Boyomo, Alonso; Javi Martinez (Maestre, 46. min), Riki, Olaetxea, Fran Alvarez (Fuster, 61. min), Higinio eta Dubasin (Juanma, 61. min).

Epailea: Hernandez Maesa. TXartel horiak atera dizkie Moya (31. min), Sevilla (45. min), Benavidez (92. min) eta Miguel (93. min) Alaveseko jokalariei, baita Alvaro (33. min), Glauder (64. min) eta Higinio (91. min).