Itxi

Alaves

SMARTBANK LIGA

Riojaren golak garaipena eman dio Alavesi Andorraren aurka (0-1)

A. B. R. | EITB Media

Arabako taldeak Luis Riojak 75. minutuan lortutako golari esker bildu ditu hiru puntuak Andorran. Bigarren zati on baten ostean, babazorroak garaipenaren bidera bueltatu dira.

  • Jon Guridi

    Jon Guridi. Argazkia: @Alaves

Alavesek garaipena lortu du Andorraren aurka (0-1) Luis Riojak 75. minutuan erdietsitako golari esker. Bigarren zatian babazorroek zelaian erakutsitako nagusitasuna baliatu dute garaipenaren bidera bueltatzeko.

Andorra - Alaves partidako laburpena (0-1)

Alavesek baloiaren jabetza izan du lehenengo minutuetan, baina Arabako taldeak arazoak izan ditu sakon jokatzeko eta aukerak sortzeko. Lehenengo zatiko abagune argiena 19. minutuan iritsi da; Ruben Duartek pasea egin du ezker hegaletik eta Miguel De la Fuente Lizoain Andorrako atezainaren aurrean bakarrik geratu da eta etxeko taldeko atezainak hankarekin Alaveseko aurrelariaren gola saihestu du.

Hortik aurrera, Eder Sarabiak zuzentzen duen taldeak partida orekatu du eta parekotasuna izan da nagusi. 38. minutuan Andorrak aukera izan du markagailuan banakoa jartzeko, baina Ruben Boverren falta jaurtiketa kanpora joan da langaren gainetik. Abagunerik gabeko azken mintuekin iritsi da partida atsedenaldira.

Aldagelatatik ondo atera da Alaves eta partidaren aginte makila hartu du, batez ere, Luis Riojaren jokaldiei esker. 58. minutuan Miguel de la Fuentek baloia berreskuratu du Andorraren area ertzean Alavesek egin duen presio onaren ondorioz; aurrelariak jaurtiketa bortitza atera du, baina gora joan zaio.

Luis Garcia Plazak zuzendutako taldeak gola bilatzen jarraitu du, baina azken metroetan ez du argitasunik eduki. 70. minutuan Anderson Arroyok pase sakona jaso du eskuin hegaletik, atzelari kolonbiarraren erdiraketa Guridik kontrolatu du, baina haren jaurtiketak Andorrako defentsa baten gorputzean jo du.

Lau minutu beranduago norgehiagokako gol bakarra iritsi da: Duartek ezker hegaletik jokaldia egin du, Luis Riojari eman dio pasea eta honek atera duen ezkerkada bikainarekin Lizoain atezaina gainditu du (0-1).

Azken minutuetan etxeko taldea berdinketaren golaren bila joan da. 84. minutuan Andorrak gol aukera garbia izan du. Eskuinetik ateratako kornerra Vilanovak buruz errematatu du, Siverak erantzun bikaina eman dio burukadari eta eskuin eskuarekin kornerrera bidali du baloia. Andorrak estutzen jarraitu du, baina babazorroen defentsak ondo eutsi eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Fitxa Teknikoa:

0 - FC Andorra: Raul Lizoain; Adria Altimira, Diego Alende, Adria Vilanova, Marti Vila (Diego Pampin, 46. min); Marc Aguado, Sergio Molina (Jacobo Gonzalez, m. 82), Ruben Bover (Hector Hevel, 57.min); Marc Fernandez (Bundu, 67.min), German Valera y Bakis (Carlos Martinez, 67.min).

1 - Alaves: Sivera; Arroyo, Abqar, Maras, Ruben Duarte (Javi Lopez, 81.min); Carlos Benavidez, Toni Moya, Guridi (Alex Balboa, 91.min); 'Jason' Remeseiro (Alkain, 68.min), Rebbach (Luis Rioja, 46.min) y Miguel (Taichi, 91.min).

Gola: 0-1: 74. min Luis Rioja.

Epailea: David Galvez Rascón (Komite Madrildarra). Txrtel horiak: Sergio Molina (57.min), Andorra; eta Ruben Duarte (28.min) eta Carlos Benavidez (63.min), Alaves.