Alaves
KONTUAK
Maila jaitsierak % 45 murriztu du Alavesen aurrekontua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasteizko taldeak 39.507.327 euroko aurrekontua aurkeztuko du abenduaren 28an egingo duen Akziodunen Batzarrean.
-
Alaveseko Akziodunen Batzar Nagusia 2020. Argazkia: EITB MEDIA
Alavesek datorren abenduaren 28an egingo duen Akziodunen Batzarrean plazaratuko dituen kopuruak azaldu ditu astelehen honetan.
Hala, Alfonso Fernandez de Troconiz taldeko presidenteak adierazi duenez, aurreko denboraldian Alavesek jasan zuen maila jaitsierak % 45 murriztu du Gasteizko taldearen aurrekontua; ondorioz, iaz 71 milioi izan bazituen gastatzeko, aurten 39.507.327 euro izango ditu esku artean.
Fernandez de Troconizen esanetan, gaur erakutsitako kontuek "kontu-ikuskaritzako aldeko txosten baten" babesa dute, eta 3,45 milioiko emaitza negatiboa erakusten dute, taldearen jaitsierak eragindakoa.
Agintari babazorroaren hitzetan, emaitza horiek iragan denboraldian "kirol taldeari eutsi, jokalari garrantzitsuak ez saldu eta talde teknikoan egin beharreko aldaketetatik datoz".
Klubak 7,2 milioi euroko diru-sarrerak zituen aurreikusita jokalarien salmentetatik, baina kirol erabakiak hasierako proposamenaren gainetik jarri ziren.
Horrez gain, aurrekontu-jaitsieraren beste arrazoietako bat telebista-eskubideen diru-sarrera txikiagoa da; izan ere, klubak hasieran ezarri zituen zifrak baino txikiagoa izan zen, covidaren azken kolpeengatik.
Era berean, presidenteak gogorarazi du "joan zen denboraldia ikuslerik gabe hasi zela eta edukiera mugatuekin", eta hori kolpea izan zela proiektu ekonomikoarentzat.
Aurrekontuak ezartzen dituen 39,5 milioietatik, langileen gastuak 20 milioi dira, eta 18 milioi jokalari eta teknikarientzat.
Gaur egun, Alavesek 55 milioi euroko zorra du, 20 milioi finantza-erakundeekin eta 35 milioi CVC inbertsio-funtsetik datozen laguntzak itzultzeagatik.