Itxi

Alaves

SmartBank Liga

Alavesek bigarren porrota jarraian jaso du, Teneriferen aurka galduta (2-1)

EITB Meia

Arabako taldea galtzaile atera da Heliodoro Rodriguez Lopez estadiotik. Tetok eta Enric Gallegok sartu dituzte Teneriferen golak. Syllak jarri du 2-1koa markagailuan Alavesentzat.

  • Tenerife - Alaves

    Tenerife - Alaves. Argazkia: @Alaves

Alavesek galdu egin du Teneriferen aurka asteazken honetan (abenduak 7) Heliodoro Rodriguez Lopez estadioan jokatu duen SmartBank Ligako 19. jardunaldiko partida. Bigarren porrota jarraian jaso du Arabako taldeak.

Tenerife - Alaves partidako laburpena eta golak

Lehen zatia parekatua izan da, eta abagune gutxikoa. Azken txanpan, ordea, etxeko taldea nagusi izan da. Neurketako 31. minutuan epaileak Teneriferen aldeko penaltia adierazi du Marasek area barruan Enric Gallegori egin dion falta argiaren ostean.

Gallegok hartu du penaltia jaurtitzeko erantzukizuna, eta Sivera atezainak gola eragotzi du, aurrelariaren jaurtiketa desbideratuta.

Gola sartzeko aukera paregabea alferrik galdu duen arren, Tenerife ez da urduri jarri, eta golaren saria jaso du 38. minutuan; Teto izan da golegilea (1-0), Enric Gallegok area barruan eman dion paseari amaiera bikaina emanda.

Atsedenaldira iritsi orduko, abagunea izan du Alavesek jokaldi nahasi batean, baina baloia kanpora joan da, eta etxeko taldea joan da abantailarekin aldagelara.

Bigarren zatiaren hasieran, Kanariar Uharteetako taldeak errenta handitu du 50. minutuan Enric Gallegok sartu duen golari esker (2-0): Ivan Romeroren jaurtiketak zutoina jo du, eta Gallegok ate barruan sartu du baloia, aldaratzea jasota.

Azken minutuetan jo du Alavesek erasora. Garcia Plazak zuzentzen duen taldeari kosta egin zaio abagueak sortzea, baina Syllak 2-1ekoa jarri du markagailuan, 81. minutuan, area kanpotik egin duen jaurtiketarekin Soriano atezaina gaindituta.

Syllaren golak hauspotuta, erasora jo du Gasteizko taldeak, eta lehia berdintzeko abaguneak izan ditu: Duartek egin duen jaurtiketa kanpora joan da 89. minutuan, eta, 95.ean, Javi Lopezek boleaz egin duen jaurtiketa ez da atean sartu, zutoina jo eta kanpora joan baita.

Amaieran, Alaves atera da galtzaile, eta puntu barik itzuliko da Gasteizera.

Fitxa teknikoa:

2 - Tenerife: Soriano; Mellot (Aitor Buñuel, 46. min), Sipcic, Sergio Gonzalez, Nacho; Teto (Shashoua, 62. min), Aitor Sanz, Javi Alonso (Larrea, 84. min), Waldo (Alexandre, 72. min); Iván Romero (Elady, 62. min) eta Enric Gallego.

1 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Maras (Laguardia, 46. min), Sedlar, Duarte; Toni Moya, Benavidez (Guridi, 59. min), Rober; Jason (Javi Lopez, 5. min9), Taichi (Sylla, 72. min) eta Rioja (Rebbach, 72. min).

Golak: 1-0, 38. min: Teto. 2-0, 50. min: Enric Gallego. 2-1, 81. min: Sylla.

Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horiak atera dizkie Mellot (44. min), Nacho (84. min) eta Enric Gallego (96. min) Tenerifeko joklariei, baita Maras (31. min) eta Toni Moya (78. min) Alaveseko futbolariei.