Itxi

Alaves

SMARTBANK LIGA

Alavesek kale egin du Levanteren aurka (0-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Mendizorrotzako lehen porrota da denboraldi honetan. Lehen zatian sartutako bi golek Alaves kondenatu dute.

  • Abqar

    Abqar arerio bati aurre egin nahian. Argazkia: @Alaves

Alavesek hirugarren porrota jarraian jaso zuen Levanteren aurka (0-2), Mohamed Buldiniren eta Sonen gol banarekin. Arabarrek aurtengo lehen porrota jaso zuten etxean LaLiga SmartBankeko hogeigarren jardunaldian.

Alaves - Levante partidako laburpena (0-2)

Norgehiagoka intentsitate handiz hasi zen lehen uneetatik. Alavesek abiaduraz konbinatzen zuen eta Levantekoak urduritzen zituen, baina ez zuen jaurtiketarik egin. Miguel De la Fuente izan zen partidan abisatzen lehena, eta Levantekoek penaltia eskatzen zuten euren lehen hurbilketa serioan. Gero Pepeluk behartu zuen Antonio Sivera luzatzera, gaueko lehena saihesteko.

Valentziarrek bi baloi jarraian bi alboetatik zintzilikatu ostean aurkitu zuten gola. Mohamed Bouldinik buruz sartu zuen Pepeluren pase neurtu bat.

Abaguneak behin eta berriz sortu ziren. Miguel de la Fuentek eta kanpokoen atezainak behin baino gehiagotan ikusi zuten elkar area barruan, gasteiztarrek hegaletatik zintzilikatzen zituzten baloiak medio, baina etxekoek ez zuten berdinketa aurkitu, eta gogotik bilatu zuten 0-1ekoaren ostean.

Talde babazorroa ondoen zegoenean iritsi zen Levanteren bigarrena. Son aldaratzeaz baliatu zen bigarren zutoinean eta bere jaurtiketa bikain neurtu zuen atsedenaldiaren atarian egindako erregate on baten ondoren.

Levantek emaitzarekin jokatu zuen bigarren zatian. Alavesen zain egon eta ez zen arazoetan sartu, babazorroei ezintasunak eragiten zien bitartean.

Luis Garcia Plazak bere taldearen erreakzioa bilatu nahi izan zuen, lehen ordu laurdenean lau aldaketa eginda.

Partida 69. minutuan erabaki ahal izan zen, baina Milla Alvendiz epaileak lehen instantzian adierazitako penaltia bertan behera utzi zuen, VAReko berrikusketaren ostean, Salva Sevillak area barruan baloia eskuarekin jo zuelakoean.

Vicente Iborrak esperientziari heldu zion partida lokartzen saiatzeko eta euskaldunek ez zuten dinamika onean zegoen talde bati eskua sartzeko modurik aurkitzen.

Etxekoak luzatu egin ziren azken txanpa iristearekin batera, baina Levantek defentsan izan zitzakeen hutsuneak bikain itxi zituen.

Javi Lopez, aktiboena bigarren zatian, eta Jason Remeseiro saiatu ziren, baina arabarrek ezin izan zuten Levanteren horma bota 0-2koaren ostean.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Sivera; Arroyo (Jason, 71. min), Laguardia (Moya. 58. min), Abqar, Duarte (Javi López, 46. min); Sedlar, Sevilla; Guridi, Abde (Rober, 58. min), Errioxa; eta Miguel (Sylla, 58. min).

2 - Levante: Cardenas; Son, Róber Pier, Rubén Vezo, Álex Muñóz; Iborra, Campaña (Pablo Martínez, 81. min), Pepelu; De Frutos (Saracchi, 87. min), Brugué (Montiel, 71. min), Bouldini (Cantero, 87. min).

Golak: 0-1, 18. min: Bouldini. 0-2, 45+1 min: Son.

Epailea: Milla Alvendiz (Andaluziako batzordekoa). Sylla egotzi du 97. minutuan. Txartel horia atera dio Arroyori (28. min), Duarteri (45+5 min), Sedlarri (61. min), Alex Muñozi (30. min) eta Bouldini (53. min).