Itxi

Alaves

27. Jardunaldia

Alavesek garaipena eskuratu du Zaragozaren aurka (1-4)

B. L. G. | EITB MEDIA

Luis Garcia Plazak zuzendutako mutilek irabazi egin dute Romaredan. Lehen zatian abagune gutxi sortu badituzte ere, bigarren zatian nagusitasunez gailendu zaizkie Aragoikoei.

  • Jason eta Toni Moya

    Jason eta Toni Moya partidako bigarren gola ospatzen. Argazkia: @Alaves

Alavesek 1-4 irabazi dio Zaragozari SmartBank LaLigako 27. jardunaldian. Lehen zatian aurrea hartzea lortu dute babazorroek Syllaren golari esker; hala ere, ez dute beste abagune argirik sortu. Bigarren zatian, ordea, aginte-makila hartu du, eta Toni Moyaren eta Villalibreren gol banarekin garaipena bideratuta utzi dute. Bebek lortu du etxekoen gola urrunetik egindako jaurtiketa baten bidez, eta azken minutuan Luis Riojak laugarrena egin du gol festari amaiera emateko.

Zaragoza-Alaves partidako laburpena

Lehen zatian kosta egin zaie bi taldeei gola sartzeko aukerak sortzea. Zelai erdiaren jabe egiteko borroka latza izan dute Zaragozak eta Alavesek. Abagune argirik gabeko hasierako minutuen ostean, 20.ean lortu du Arabako taldeak etxekoen atea zulatzea: Syllak buruz errematatu du hegaletik ateratako falta bat. Zaragoza erantzuten ahalegindu da, eta gola gertu izan du korner baten ostean, baina Siverak atezainak desbideratu du Pucheren errematea. Gol bateko abantailarekin heldu da Alaves atsedenaldira.

Lehen 45 minutuetan bereganatutako errentak hauspotuta ekin dio bigarren zatiari Gasteizko taldeak. Hasieran, nagusi izan da Alaves, eta  bigarren gola sartu du 53. minutuan; Toni Moyak amaiera ezin hobea eman dio taldearen jokaldi bikainari.

Bi goleko abantailari esker handitu egin da babazorroen nagusitasuna, eta 67. Minutuan Villalibrek 0-3koa jarri du markagailuan Zaragozako atezainaren hutsa baliatuta Luis Riojaren erdiraketaren ostean. Gernika-Lumoko jokalariak bere hirugarren gola sartu du Alavesekin.

Norgehiagoka maldan gora jarri zaion arren, etxeko taldeak ez du amore eman. Zaragozak desabantaila murrizteko aukerak izan ditu; argienetako bat 79. minutuan, baina  Sivera nagusi izan da Simeonerekin izandako buruz burukoan. Ia jarraian, Bebek gol ikusgarria sartu du urrunetik egindako jaurtiketa baten bidez.

Ondoren, Zaragozak bigarren golaren bila jo du. Bigarrena sartzeko abagunea izan du eta Pau Sans debutariak; Siverak, ordea, gola saihestu du amaierarako bost minutu falta zirenean.

Zaragozaren erasoko jokoari ondo eutsi dio Alavesek, eta, gainera, Luis Riojak euskal taldearen garaipena biribildu du Duarteren erdiraketa errematatuta. Azkenean, Alavesek laugarren garaipena jarraian lortu du ligan, eta igoera postuetatik gertu dago.

Fitxa teknikoa:

1 - R. Zaragoza: Cristian Alvarez; Fran Gamez (Larrazabal, 69. min), Francés, Jair, Nieto; Vada (Bermejo, 59. min), Francho, Zapater (Alarcon, 59. min), Bebe (Eugeni, 87. min); Puche (Pau Sans, 69. min) eta Giuliano Simeone.

4 - Alaves: Sivera; Arroyo, Abqar (Laguardia, 73. min), Sedlar, Duarte; Toni Moya (Benavídez, 73. min), Blanco; Jason (Alkain, 73. min), Rober (Javi López, 85. min), Rioja; eta Sylla (Villalibre, 62. min).

Golak: 0-1. 20. min Sylla; 0-2. 53. min Toni Moya; 0-3. 67. min Villalibre; 1-3. 79. min Bebe; 1-4. 90. min Rioja.

Epailea: Caparrós Hernández. Txartel horiak atera dizkie Zaragozako Francesi eta Nietori, eta Alaveseko Abqarri, Duarteri eta Siverari.