Itxi

Alaves

SmartBank Liga

Alaves goiko postuen lehiara itzuli da Tenerife garaituta (1-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gasteiztarrek garaipena lortu dute lau jardunaldiren ostean, Soriano atezainak bere atean sartutako golari esker, Jon Guridiren jaurtiketaren ondoren.

  • Alaves 1-0 Tenerife

    Alaves 1-0 Tenerife. Argazkia: @Alaves

Alaves Ligako onenekin batu da berriro larunbat honetan Teneriferi 1-0 irabazita, Juan Soriano atezainak bere atean sartutako golari esker, Jon Guridiren jaurtiketa gelditu nahian. Euskaldunek urrezko hiru puntu eskuratu dituzte eta irabazi gabeko eta golik sartu gabeko lau partidako bolada hautsi dute.

Alaves - Tenerife partidako laburpena

Guridik bost minuturen buruan eman du abisua, bi taldeak nahiko apal hasi eta gero. Bi taldeetako batek ere ez du presarik izan aurkariaren helmugara iristeko, baina Tenerifek egin du ahaleginik handiena.

Arabarrek hasierako bultzadari eutsi diote eta euren momentuaren zain egon dira jokaldiak eraikitzen hasteko.

20 minuturen buruan iritsi da polemiketako bat, ordura arteko partida lasai baten giroa berotzen hasi dena. Cordero Vegak penaltia ezarri du Nahuel Tenagliari falta egiteagatik, baina VAReko begiraleari galdetu ondoren, erabakia aldatu eta txartel gorria atera dio Alaveseko jokalariari, penaltia baliogabetuta utziz.

Alaves ez da deszentratu epaileak erabakia aldatu arren eta markagailua estreinatzetik oso gertu egon da Ruben Duartek jaurtitako falta baten bidez.

Gasteiztarrak gehiago animatu dira Luis Rioja lanean hasi denean, baina ideia argiak falta izan zaizkie azken metroetan.

Bigarren zatian partida ireki egin da eta minutu baten buruan baloia langan jo dute. Lehenengo Enric Gallegok 56. minutuan eta ondoren Jose Leonek atepetik egindako aldaratzean, Sorianoren geldiketa bikain baten ondoren, Mendizorrotza gola abesten ari zenean baloia lerroaren gainean atera baitio Nahuel Tenagliari.

Alaves tematu egin da eta Javi Lopezek 69. minutuan egindako barnekaldi on batean saria iritsi da. Kanariarrak lehen zutoinean jarri du baloia eta Jon Guridik takoiarekin errematatu du Soriano gainditzeko. Honek ez du aldentzen asmatu eta bere atean sartu du (1-0).

Alavesek aukera gehiago izan ditu Luis Riojaren botetan eta Asier Villalibreren buruz burukoan, baina markagailua ez da gehiago mugitu.

 

Fitxa teknikoa

1 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Laguardia (Javi Lopez, 54. min), Sedlar, Ruben Duarte; Moya, Sevilla (Miguel, 91. min); Guridi, Rioja (Arroyo, 91. min), Jason (Alkain, 79. min); eta Sylla (Villalibre, 54. min).

0 - Tenerife: Juan Soriano; Nacho, Leon, Sergio Gonzalez, Mellot (Buñuel, 88. min); Aitor Sanz (Cacho, 88. min), Alexandre (David, 78. min), Teto (Alassan, 78. min), Waldo (Larrea, 67. min); Borja Garces eta Enric Gallego.

Gola: 1-0, 69. min: Soriano, bere atean.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horia atera die Alaveseko Laguardia, García Plaza, Tenaglia, Guridi eta Duarte jokalariei eta Tenerifeko, Mellot, Sergio Gonzalez eta Waldo jokalariei. Nacho martinez kaleratu du txartel gorriarekin.