Itxi

Alaves

Porrota

Alavesek penaltiz galdu du Getaferen aurka jokatutako partida (1-0)

Agentziak | EITB Media

Epaileak VARaren bidez adierazi du zigorra, eta Borja Mayoralek egin du neurketako gol bakarra.

  • Gorosabel, Getafe-Alaves partidako jokaldi batean

    Gorosabel, Getafe-Alaves partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Alavesek galdu egin du Getaferen etxean, LaLiga EA Sportseko 3. jardunaldian jokatutako norgehiagoka. Partida jokoan zela inork gutxik ikusi duen penalti batek eman die garaipena madrildarrei, VARak epailea ohartarazita.

Getafe-Alaves partidaren laburpena

Lehen zati kaskarra jokatu dute bi taldeek. Lehen 45 minutuetan, ez da ez jokorik ez golik izan. Inork ez du jokoaren kontrola hartu. Aukerarik argiena Bordalasen jokalariek izan dute, Ander Guevarak Siverari atzera egindako pase bat Getafekoek hartu eta Mayoralek baloia zutoinera jaurti duenean.  

Atsedenaldiaren ostean, neurketak beste erritmo bat izan du. Arabarrak nagusi izan dira zelaian, eta Abqarrek eta Xeber Alkainek gola egiteko aukerak izan dituzte.

Luis Garcia Plazak Samu Omorodioni debuta egiteko aukera eman dio 75. minutuan. Ondoren, Duartek izan du aukera Getaferentzat, eta jarraian partida erabaki duen jokaldia iritsi da. VAReko epaileek Munuera Monterori deitu diote Abdel Abqarrek Juanmi Latasari area barruan egindako falta bat ikuskatzeko. Munuera Monterok jokaldia ikusi eta penalti adierazi du.  

Borja Mayoralek jaurti, eta norgehiagokako gol bakarra egin du.

Luis Garcia Plazaren taldea berdinketa lortzen saiatu da. Jokaldi eztabaidagarri bat ere izan da neurketaren amaieran, baina Munuerak ez du adierazi Jon Guridiri ustez egindako penaltia. Azkenean, 1-0ekoa Getaferen alde. Hiru puntuak Coliseumen geratu dira.

Fitxa teknikoa:

1 - Getafe: David Soria; Damian Suarez, Domingos Duarte, Stefan Mitrovic (Omar Alderete, 62. min), Gaston Alvarez, Juan Iglesias (Portu, 71. min); Djene, Nemanja Maksimovic; Jaime Mata (Carles Aleña, 62. min), Borja Mayoral (Fabrizio Angileri, 90. min) eta Juanmi Latasa.

0 - Alaves: Antonio Sivera; Andoni Gorosabel, Aleksandar Sedlar, Abdel Abqar (Rafa Marin, 90. min), Ruben Duarte; Carlos Benavidez (Antonio Blanco, 90. min), Ander Guevara (Miguel de la Fuente, 87. min), Jon Guridi; Xeber Alkain (Abde Rebbach, 87. min), Luis Rioja eta Kike Garcia (Samu, 76. min).

Golak: 1-0, 84. min: Borja Mayoral, penaltiz.

Epailea: Juan Martinez Munuera. Txartel horia atera die Getafeko Domingos Duarteri eta Alaveseko Abdel Abqarri eta Xeber Alkaini.