Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Sancetek garaipena eman dio Athletici Rayoren aurka, lesiotik itzuli berritan (1-0)

L. E. A. | EITB

Iñigo Perezen taldeak ez die erraztasunik eman zuri-gorriei, lehen zatian batez ere; baina penaltiz egindako golari esker, Bilboko taldeak bi garaipen lortu ditu elkarren segidan.

  • Athleticeko jokalariak, Sanceten gola ospatzen. Argazkia: Efe.

    Athleticeko jokalariak, Sanceten gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Athletic Rayori 1-0 gailendu zaio EA Sports Ligako 2. jardunaldiko partidan. Neurketako gol bakarra Oihan Sancetek egin du, penaltiz.

Ernesto Valverdek lehenengo jardunaldian Sevillari 3-2 gailendu zitzaion hamaikako berbera zelairatu du. Berritasunak aulkian izan dira, Oihan Sancet, Beñat Prados eta Unai Gomez jokalariak ordezkoen artean hasi baitute neurketa.

Partida hasi eta gutxira, arrisku handiko jokaldia lehoien atean. Jauregizarrek baloia utzi nahi izan dio Unai Simoni baina De Frutosek aurrea hartu dio eta baloia gol marraren ondotik pasa da, errematatzailerik aurkitu barik. Yuri izan da, azkenik, arriskua aldendu duena.

Hortik aurrera, erritmo falta nabarmena izan du norgehiagokak, bilbotarrak ez baitira fin ibili, paseetan bereziki. Rayoren atera lehen jaurtiketa 27. minutuan egin dute Valverderen jokalariek: Nico Williams areaz kanpotik saiatu da, baina Batallak erantzun ona eman dio, baloia kornerrera bidaliz.

Ezer gutxi gertatu da Katedraleko berdegunean. Bilbotarrek saiaketa pare bat egin dute erasoan, baina argitasun handirik gabe.

Atsedenaldiaren ostean, Valverdek Sancet zelairatu du Maroanen ordez. Nafarrak, lesio batetik sendatu berri, bere lehen minutuak jokatu ditu aurtengo denboraldian.

Athletic erasora atera da eta Iñaki Williamsek aurkera ona izan du bilbotarrak aurretik jartzeko Nico anaiak emandako pase batean, baina errematea kanpora joan zaio, gutxigatik.

Penaltia eta Sanceten gola

Eta 65. minutuan, Martinez Munuerak penaltia adierazi du bilbotarren alde, zorrotza, Gumbauk Sanceti egindako faltaren ondorioz. Epaileak jokaldia VARean aztertu ostean hartu du erabakia.  

Zigorra Sancetek jaurti eta sartu du, bilbotarrak markagailuan aurreratzeko.

Ondoren, Athleticek kontrolpean izan du neurketa, baina gol kopuruak ez du gora egin. Bukaeran, bilbotarrak garaile; 13 urteren ostean, bizkaitarrek ligako lehen bi jardunaldietan irabaztea lortu dute.

Fitxa teknikoa

1 - Athletic: Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Yuri; Galarreta (Prados, 67. min), Jauregizar; Iñaki Williams (Guruzeta, 79. min), Berenguer (Vesga, 87. min), Nico Williams (Unai Gomez, 87. min); eta Maroan Sannadi (Sancet, 46. min).

0 - Rayo Vallecano: Batalla; Ratiu, Lejeune, Luiz Felipe, Chavarria (Trejo, 82. min); Pathé Ciss, Unai Lopez (Gumbau, 55. min); Isi (Nteka, 79. min), Pedro Diaz (Fran Perez, 55. min), Alvaro Garcia; eta De Frutos (Camello, 79. min).

Gola: 1-0, 66. min: Sancet, penaltiz.

Epailea: Juan Martinez Munuera (Valentziako batzordekoa). Txartel horia atera die Ratiu (21. min), Unai Lopez (23. min), Alvaro (69. min) eta Chavarria (79. min) jokalariei.