Athletic Club
Txapeldunen Liga
Athleticek ezin izan du punturik batu, Arsenalen aurka, Txapeldunen Ligako aurreneko partidan (0-2)
EITB
Londreseko taldeak bigarren zatian egin ditu bi golak, Martinelliren eta Trossarden bidez, 72. eta 87. minutuetan. Zuri-gorriek ondo eutsi diote lehen zatian, baina, neurketako azken txanpan, Arsenalek erakutsitako indarra erabakigarria izan da.
-
Honela sartu du Martinellik Arsenalen lehenengo gola, 72. minutuan. Argazkia: EFE.
Athleticek galdu egin du, 0-2, Arsenalen aurka, 2025-26 denboraldiko Txapeldunen Ligako liga faseko lehenengo jardunaldian, San Mamesen, asteartean. Gabriel Martinellik, 72. minutuan, eta Trossardek, 87.ean, Arsenalen bi golak egin dituzte. Horrenbestez, talde zuri-gorriak ez du, oraingoz, punturik Txapeldunen Ligan, aurreneko partida jokatuta.
Ernesto Valverdek, hasierako hamaikakoan, Andoni Gorosabel eta Adama Boiro zelairatu ditu atzealdean, bi hegaletan, Mikel Vesga izan da zelai erdian, Jauregizarrekin batera, eta, erasoan, ezkerretan, Robert Navarro atera da. San Mamesen giro bikaina zegoela, talde zuri-gorriaren asmoa, partidako hasieran, izan da Arsenal bezain indartsu aritzea, aurkariak bezain sendo jokatzea; aurreneko zatian, Mikel Artetaren gizonek mugitu dute baloia Athleticek baino gehiago, baina euskal taldeak eutsi egin dio, eta, lapurtu duen bakoitzean, ahalegindu da azkar irteten.
Alex Berenguer, 43. minutuan, Athleticek ezkerretatik egindako jokaldi on baten ondorioz, apur bat desbideratuta jaurti du; hori izan da lehenengo zatian Bizkaiko taldeak izandako abagunerik onena. Arsenalen aldetik, Gyokeres suediarra izan da arriskutsuena, baina Athleticeko atzelariak ondo ibili dira, eta neurketa oso berdinduta zihoan.
Bigarren zatian, ematen zuen Arsenalek aurrerapausoa eman nahi zuela, bereziki eskuinaldetik; hor zebilen Madueke, eta azken jokalari horrek hainbat jokaldi arriskutsutan parte hartu du. Athletic, baina, lan ona ari zen egiten; kontraeraso batean, Iñaki Williamsek jaurtiketa egin du, baina Rayak geldiketa egin dio. 66. minutuan, Mikel Merinok izan du aukera, buruz, eta Simonek arazo handirik gabe gelditu du.
Artetak, 70. minutuan, Martinelli zelairatu du, eta brasildarrak ia segituan egin du gola. Jokaldi oso azkarra izan da; Trossardek ondo eman dio Martinelliri, eta azken hori trebetasun eta abiadura handiz jarri da Unai Simonen aurrean. Murgiarrak ezin izan du aldendu, eta Arsenal 0-1ekoa sartu du.
Golak min egin dio Athletici, eta Arsenali, ordea, konfiantza eman dio. 87. minutuan, Martinellik, berriro, jokaldi ona egin du ezkerretik, eta, area barruan, Trossardek bigarren gola lortu du. Lehenengo golean ere protagonistak izan diren bi jokalariek parte hartu dute bigarrenean. Biak ala biak bigarren zatian irten dira berdegunera.
Amaierara arte, ez da nabarmentzeko moduko beste jokaldirik izan, eta Athleticek Dortmunden du jomuga; Alemanian, Borussiaren etxean, jokatuko duen neurketa hori urriaren 1ean izango da.
Fitxa teknikoa
0 - Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Adama (Yuri, 68. min); Jauregizar, Vesga (Rego, 81. min); Berenguer, Sancet (Guruzeta, 68. min), Robert Navarro (Unai Gomez, 61. min; Serrano, 81. min); eta Iñaki Wiliiams .
2 - Arsenal: Raya; Timber, Mosquera, Gabriel, Calafiori (Hincapie, 90. min); Zubimendi, Rice, Merino; Madueke (Norgaard, 90. min), Eze (Martinelli, 71. min) eta Gyokeres (Trossard, 65. min).
Golak: 0-1, 72. min: Martinelli. 0-2, 87. min: Trossard.
Epailea: Donatas Rumsas (Lituania). Arsenaleko Rice eta Madueke zigortu ditu, txartel horia aterata.
Nabarmentzekoa: 51.059 zale San Mamesen, tartean Arsenaleko 3.000. Gabriel Magalhaes Arsenaleko kapitainak, tradizioari jarraituta, lore eskaintza egin du, Pichichiren monumentuaren aurrean.

