Athletic Club
Borussia Dortmund vs Athletic
Athleticek Txapeldunen Ligako lehen puntuak eskuratu nahi ditu Dortmunden
EITB
Euskal taldeak Borussia Dortmund izango du aurkari, Signal Iduna Park futbol zelaian txapelketako liga faseko bigarren jardunaldian. Ernesto Valverdek ezingo du Nico Williams zelairatu; izan ere, iruindarra ez da deialdian sartu.
-
Unai Gomez, Navarro, Sancet, Yuri eta Lekue, Lezaman. Argazkia: EFE.
Athleticek Borussia Dortmund izango du aurkari, Signal Iduna Park futbol zelaian, asteazkenean, 21:00etan, Dortmunden, Alemanian, 2025-2026 denboraldiko Txapeldunen Ligako liga faseko bigarren jardunaldian. Partida horretan, euskal taldearen helburua da txapelketan aurreneko puntuak eskuratzea; izan ere, lehenengo jardunaldian, San Mamesen, Arsenalen aurka, Londresko taldea 0-2 gailendu zen. Borussia Dortmundek, ordea, puntu bat du sailkapenean; lehen jardunaldian 4-4 berdindu zuen, Turinen, Juventusen kontra.
Ernesto Valverderen gizonak bolada txarrean dabiltza, behintzat emaitzei dagokienez. Irailean, Athleticek hiru neurketa galdu ditu EA Sports Ligan: San Mamesen, Alavesen aurka (0-1), Mestallan (2-0) eta Vila-realen (1-0); Gironaren kontrako norgehiagokan, Bilbon, bana egin zuen. Arestian esan bezala, Arsenalek ere lortu zuen irabaztea San Mamesen, eta, horrenbestez, zuri-gorriek bost partida daramatzate garaipena erdietsi gabe. Abuztuan, ordea, ondo ekin zioten denboraldiari, EA Sports Ligan hiru partida irabazita (Sevillaren, Rayo Vallecanoren eta Betisen aurka).
Bost neurketa horietan, Athleticek gol bakarra sartu du; hain zuzen ere, Mikel Jauregizarrek Gironari sartu ziona. Gainera, hainbat jokalari dabiltza min hartuta; zelai erdian, Ernesto Valverdek lehen taldeko hiru gizon ditu prest, Jauregizar, Iñigo Ruiz de Galarreta eta Alejandro Rego, larunbatean Mikel Vesga lesionatuta irten baitzen Ceramica futbol zelaitik.
Astelehenean, Nico Williams gainerako taldekideekin batera ibili zen, baina jokatu ezinik jarraitzen du, bai eta Alex Berenguerrek ere. Hori bai, Aymeric bueltatu da taldera; erdiko atzelaria 2014-2015 denboraldiko Txapeldunen Ligan ere aritu zen Athleticekin. Valverdek Bilbao Athleticeko bi gazte deitu ditu: Ibon Sanchez erdilaria eta Adrian Perez aurrelaria.
Borussia Dortmundek ez du partidarik galdu, oraingoz, denboraldian
Aurrean, Borussia Dortmund izango da. Alemaniako taldeak ez du partidarik galdu, oraingoz, denboraldi honetan. Bundesligan, Niko Kovacen taldeak hamahiru puntu lortu ditu bost partidatan, lau garaipen eta berdinketa bat izan dituela, eta Txapeldunen Ligan, Juventusen zelaian, launa egin zuen, partida ikusgarri batean.
2024-25 denboraldian, laugarren postua eskuratu zuen Bundesligan Borussia Dortmundek. 1996-97an, Txapeldunen Liga irabazi zuen Dortmundeko taldeak, eta Alemaniako Liga zortzi aldiz bereganatu du, bai eta bost Kopa ere, 2021ean azkena. Asteazkenerako, Niko Kovacek espero du Serhou Guirassy golegilea bueltatzea, asteburuan azken orduko baja izan zen eta; Guirassy oso trebea da aurkariaren arean, eta Borussia Dortmundek, halaber, beste baliabide bikain bat du erasoan: Karim Adeyemiren abiadura eta abilezia.
Aurreikuspena da giro bikaina izango dela Signal Iduna Parken. 81.000 ikusletik gora sartu ahal dira bertan, eta horietako ia 4.000 Athletici emango diote hauspoa, Bizkaiko taldeak aurtengo Txapeldunen Ligan jokatuko duen lehenengo norgehiagokan.
Borussia Dortmund-Athletic: urriak 1, asteazkena, 21:00etan
Balizko hamaikakoak:
Borussia Dortmund: Kobel; Anton, Schloterbecj, Bensebaini; Yan Couto, Sabitzer, Nmecha, Svensson; Adeyemi, Beier; Guirasy.
Athletic: Unai Simon; Areso, Vivian, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta, Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet, Unai Gomez eta Guruzeta.
Epailea: Szymon Marciniak (Polonia).

