Itxi

Athletic Club

Betis-Athletic

Fernando Amorebieta deialditik at geratu da

Erredakzioa

Defentsa bizkaitarra Marcelo Bielsak Betisen aurkako partidarako eman duen zerrendatik at geratu da. San Jose baja da, eta Laportek hasieratik jokatuko du.

  • Fernando Amorebieta

    Fernando Amorebieta igande honetan Lezaman egindako entrenamenduan. Argazkia: EFE

Athleticek Betisen aurka jokatuko du astelehen honetan (21:30ean), eta Lezaman entrenamendua eginda Marcelo Bielsak Sevillako partidarako deialdia eman du. Fernando Amorebieta deialditik at geratu dela da aipagarriena.

Rayo Vallecanoren aurka ez zuen ondo jokatu Amorebietak, eta Bielsak gola jaso eta lasterrean aldatu zuen. San Mameseko zaleek txistu egin zioten defentsa bizkaitarrari ez zuelako norgehiagoka ona jokatu Rayoren aurka. Aymeric Laportek beteko du Amorebietaren hutsunea. Bielsak esan zuenez, frantziarrak hasieratik jokatuko du Betisen aurka. Laportek txartel gorria ikusi zuen Levanteren aurka, eta baja izan zen Rayo Vallecanoren aurka.

Bestalde, Mikel San Jose baja izango da. San Josek txartelen zikloa bete du, eta partida bateko zigorra bete behar du. Castillo eta Ismael Lopez ere deialditik at geratu dira. Aurtenetxe, ordea, Bielsak eman duen zerrendan dago.

Marcelo Bielsak larunbatean adierazi zuenez, hau izango da Athleticek Betisen aurka aterako duen hamaikakoa: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Laporte, De Marcos; Gurpegui, Iturraspe, Herrera; Susaeta, Aduriz eta Muniain.

Raul Fernandez, Ramalho, Aurtenetxe, Igor Martinez, Ibai Gomez, Toquero eta Llorente jokalariek osatzen dute deialdia.