Athletic Club
Agur, San Mames
Azken partida, San Mames zaharraren omenez
Erredakzioa
Athleticek eta Bizkaiko selekzioak Katedralak hartuko duen azkenengo neurketa jokatuko dute. Jarraitu gau gogoangarria, zuzenean ETB-1en eta eitb.com-en, 20:15etik aurrera.
-
San Mames estadioa.
San Mames estadio mitikoak azkenengo partida hartuko du gaur (zuzenean ETB-1en eta eitb.com-en, 20:15etik aurrera). Athleticek, eta Iñaki Saezek eta Txetxu Rojok zuzendutako Bizkaiko selekzioak Katedralean jokatuko den azkenengo neurketa jokatuko dute. 100 urteko historiari bukaera jartzeko San Mameseko berdeguneak futbola azkenengoz hartuko du, ekainaren 6an, ostegunean, estadioa eraisten hasiko baitira.
Ekitaldi berezia 20:30ean hasiko da jokalari, entrenatzaile eta presidente ohiei egingo zaien omenaldian. 20:45ean, zuri-gorrien eta Bizkaiko selekzioaren arteko norgehiagoka izango da, eta partidaren ostean, ekitaldi gehiago izango dira. Su artifizialak, laser argiak, eta Athleticek ezkutatu nahi izan dituen beste hainbat sorpresa. Gainera, atsedenaldian, Bilboko Koralak eta Udaleko orkestrak musika ekitaldia eskainiko dute.
Marcelo Bielsak zuzendutako taldearen aurrean, Vilarchao, Beñat, Mikel Rico, Koikili, Tarantino, Muneta, Alain, Urko Vera, Arriaga, Medina, Lopez Garai, Etxeita, Azkorra, Goitia, Herrerin, Exposito, Carlos Merino eta Alex Goikoetxea bizkaitarrak egongo dira.