Itxi

Athletic Club

Ez du ordezkoaren izena eman

Bielsak ez duela Athleticen jarraituko jakinarazi du Urrutiak

Erredakzioa

Athleticeko presidenteak prentsaurrekoan eman du erabakiaren berri, eta ez du entrenatzaile berria nor izango den argitu. Bazkideek eta zaleek eskatutakoari kasu ez egitea erabaki du Josu Urrutiak.

2:29
Josu Urrutia

Marcelo Bielsak ez du Athleticeko entrenatzaile izaten jarraituko. Hala jakinarazi du Josu Urrutia Athleticeko presidenteak Ibaiganeko Jauregian eman duen prentsaurrekoan.

"Atzo azken batzarra izan genuen, eta aho batez erabaki genuen Marcelo Bielsari kontratu berritzea ez eskaintzea", esan du Urrutiak. "Hartutako erabakia klubarentzat onena dela uste dugu, eta Marcelo Bielsari bi urte hauetan egin duen lana eskertu nahi diogu", gaineratu du Athleticeko presidenteak.

Iragan asteazkenean, San Mamesen agurrean, zaleen gehiengoak Marcelo Bielsak jarraitzea eskatu zuten, baina Athleticeko presidenteak zaleei eta bazkideei kasurik ez egitea erabaki du.