Itxi

Athletic Club

Aurkezpen ofiziala

Valverde: 'Athletic bigarrenez entrenatzea sekulako erronka da'

Erredakzioa

Entrenatzaile zuri-gorriak bi urterako kontratua sinatu du eta San Mameseko aulkira itzultzeak 'zorionekoa' sentiarazten duela onartu du.

2:38

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaile berria da jada. Viandar de la Verako jokalari ohiak bigarren aldia izango du zuri-gorrien aulkian; "sekulako erronka", bere hitzetan.

Valverde Josu Urrutia Athleticeko presidentearekin batera agertu da hedabideen aurrean. Urrutiak nabarmendu egin du Valverde "etxeko gizona dela, eta esperientzia zabalekoa", bai Estatuan eta bai atzerrian.

Ernesto Valverdek bi urterako kontratua sinatu du, Marcelo Bielsaren lekua betetzeko. Argentinarra "entrenatzaile oso karismatikoa" dela onartu du prentsaurrekoan.

Lehen taldeko arduradun nagusiaren arabera, Athleticek "gauzak egiteko potentziala du", baina ez du helburu zehatzik aipatu nahi izan, horren aurretik "jokalariekin hitz egin" nahi duela adierazi baitu.

San Mames Barriako aulkian eseriko den lehen entrenatzailea izatea ere kontuan hartzeko faktorea izan dela onartu du Valverdek: "Ilusioa egiten dit. Ez dut espero nire izenarekin oroigarririk jartzea, baina ilusioz nago. Lehen partida irabazten saiatuko naiz, partida hori ez baitut inoiz irabazten".

Urrutia: 'Valverdek ilusioa ekarriko du'

Josu Urrutiak, bestalde, Athleticek "ilusioa sortu eta mantendu behar duen taldea" dela esan du, eta, presidentearen ustez, "Ernestok sentimendu hori sortuko du".

Aldi berean, "normaltasuna" eskatu du, klubak ez duelako "zatiketarik" izan behar modu onean funtzionatzeko.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic Club