Itxi

Athletic Club

Lezaman

Ander Herrera eta Mikel Rico, Madrilen kontrako partidarako zerrendan

L.E.

Ander Herrera Manchester United taldera joateko aukerak ez du Valverde kezkatzen, Athleticeko entrenatzaileak berak prentsaurrekoan adierazi duenez.

1:28

Ander Herrera eta Mikel Rico Real Madrilen kontrako partidarako zerrendan sartu ditu Ernesto Valverde Athleticeko entrentzaileak. Partida igandean jokatuko dute, 12:00etan.

Zerrendan dauden gainontzeko jokalariak ondorengoak dira: Iraizoz, Toquero, Laporte, Erik Morán, San José, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Albizua, Iago Herrerín, Susaeta, Iraola, Gurpegi, Muniain, Aduriz, eta Balenziaga.

Kike Sola, Enric Saborit eta Xabi Etxeita zerrendatik kanpo geratu dira Valverdek horrela erabaki duelako. Borja Ekiza eta Gorka Magunazelaia ere ez daude deialdian; Ekiza min hartuta dago eta Magunazelaia Athletic B taldera itzuli da Iraizoz sendatu ostean.

Deialdia iragarri ondoren, Valverdek esan du 19 jokalari Madrilera eramatearen arrazoia Aritz Adurizek eta Iker Muniainek azken egunetan izandako molestiak direla, baina erabaki horretan "Ander Herreraren egoerak" eragina izan duela onartu du.

"Ez dit joan nahi duenik esan"

"Azken egunetan iskanbila handia egon da Herreraren gaiarekin, baina nik berarekin hitz egin dut eta jokalaria ondo ikusi dut. Zerrendan dago jokatzeko moduan dagoelako, baina jokatzea ala ez beste kontu bat izango da. Hala ere bihar jokatzeko ez dit arazorik jarri eta ez dit esan Athleticetik alde egin nahi duenik", azaldu du entrenatzaileak.

Halaber, Valverdek gaineratu egin du jokalariak taldea utziko balu, Athleticek "lan egin beharko lukeela" Herrerak utzitako lekua betetzeko. Dena den, momentuz "ezertxo ere" ez dela gertatu azpimarratu du, "eta gertatzea zail ikusten dugu".