Athletic Club
Gaur, Celta-Athletic
Athleticek bolada onari jarraipena eman nahi dio Vigon
Erredakzioa
Hiru aldiz neurtu dira Celta eta Athletic denboraldi honetan, eta Athleticek bi partida irabazi bazituen ere, Vigokoek garaipena lortu zuten Balaidosen.
Athletic Clubek Balaidosen jokatuko du gaur, bolada onean, Ligako azken 30 puntutatik 23 lortuta, baina momentu onean dagoen beste talde bat izango du aurkari. Celtak ez du azarotik etxean galdu. Gainera, azken bi partidak irabazi ditu, Betisen eta Granadaren aurka.
Hiru aldiz neurtu dira bi taldeak denboraldi honetan. Bi neurketak zuri-gorrien garaipenarekin bukatu zuten, baina Balaidosen jokatutako bakarra Celtak irabazi zuen, Kopan. Gero, Athleticek kanporaketa irauli zuen San Mamesen, eta Kopatik kanpo utzi zituen Vigokoak.
Laugarren postua indartzea izango da Athleticen helburua, Vila-real sailkapenean 6 puntura uzteko, Real Madrilen kontra galdu dutelako. Horretarako, azken bi partida zailetan erakutsitako joko ona egin beharko du, Atleticoren aurkako porrotean eta Real Madrilen kontrako berdinketan bezala.
Toquero eta Beñat ez dira astelehenean prest egongo, lesionatuta daudelako oraindik. Ernesto Valverdek Iraola berreskura dezake ezker hegalerako, Oscar de Marcosen ordez. Ibai Gomez ere hamaikakoan sar daiteke, momentu onean dagoelako, Iker Muniain edo Ander Herreraren ordez.
Celtako hamaikakoa erabakita omen du Luis Enriquek, Balaidoseko zelaiaren egoera txarraren aurrean aldatu dezakeen arren. Granadaren aurka jokatu zuen talde berdintsua zelairatu dezake: Cabral eta Fontas defentsaren erdian; Hugo Mallo eta Jonny hegaletan; Borja Oubiña, Alex Lopez eta Augusto Fernandez zelai erdian, eta Rafinha eta Charles goian. Azken tokia Nolitoren, Krohn-Dehliren eta Orellanaren artean omen dago.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Celta: Yoel; Hugo Mallo, Cabral, Fontas, Jonny; Borja Oubiña, Augusto Fernandez, Alex Lopez; Orellana, Nolito eta Charles.
Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico, Herrera; Susaeta, Aduriz eta Muniain.