Itxi

Athletic Club

Derbia

Puntu banaketa San Mamesen (1-1)

Erredakzioa

Muniainen golak Athletic aurreratu du 49. minutuan, eta 75.ean, neurketa berdindu du Agirretxek. Hurrengo jardunaldian, hil edo biziko partida izango du Realak Vila-realen aurka.

Athleticek eta Realak bana egin dute San Mamesen jokatutako 37. jardunaldiko partidan. Iker Muniain eta Imanol Agirretxe izan dira neurketako golegileak.

Donostiarrek hobeto ekin diote, eta partidako aurreneko abisua Carlos Velak eman du, 11. minutuan. Athletic kostata suspertu da, baina 15. minuturako neurketa parekatuta zegoen. Mikel Ricok 1-0ekoa sartzeko aukera izan du 14.ean, baina Bravok baloia gelditu du.

Zuri-gorriek baloiaren jabetza eskuratu dute, ia arriskurik sortu gabe. 30. minutuan Ander Herreraren jaurtiketak zutoinean jo du, eta bi minutu geroago, Realaren abagunerik argiena izan du Markel Bergarak: Xabi Prietok buruz errematatu du falta jaurtiketa bat, Iraizozek baloia aldaratu du, langan jo du, eta solte geratu da. Bergarari erori zaio, eta haren jaurtiketak zutoinean jo du.

Atsedenaldira heldu aurretik, Athletic aurreratzeko urrezko gol-aukera izan du Gaizka Toquerok. Herrerak Susaetari eman dio baloia, honek area txikian utzi dio arabarrari, baina haren indarrik gabeko errematea kanpora joan da.

Bigarren zatia hasi eta berehala, 1-0ekoa egin du Muniainek. Nafarrak aurrera egin du Zurutuzaren aurrean, eta jaurtiketa eder batez Bravo gainditu du. Ondoren, Carlos Velari egindako penaltia eskatu du Realak, baina Del Cerro Grandek ez du ezer adierazi. Jokaldia zalantzazkoa da.

Muniainen golak konfiantza eman dio etxeko taldeari, baina Realaren unerik kaskarrenean partida berdindu du Agirretxek. 75. minutua zen. Aurrelari txuri-urdinak Velaren pase ederra baliatu du gola egiteko.

77.ean baliorik gabe utzi du epaileak Laportek buruz sartutako gola. Errepikapenean ez da defentsaren faltarik atzematen. Eta 89.ean Velarena utzi du baliorik gabe Del Cerro Grandek, jokoz kanpo zegoelako.

90.ean garaipenaren gola egiteko aukera ona izan du Griezmannek. Baloia ezkerretik heldu zaio frantziarrari, buruz errematatu du, baina atearen erdira egin du, eta Gorkak ez du arazorik izan.

Hurrengo jardunaldian, hil edo biziko norgehiagoka jokatuko du Realak Vila-realen aurka, eta Athleticek Almeria izango du aurkari.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola (De Marcos, 80'), San Jose, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico; Susaeta (Albizua, 89'), Herrera (Beñat, 84'), Muniain; Toquero.

1 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella (Ruben Pardo, 71'); Xabi Prieto (Griezmann, 75'), Bergara, Zurutuza, Chory Castro; Canales (Agirretxe, 64') eta Vela.

Golak:

1-0, 49': Muniain.

1-1, 75': Agirretxe.