Itxi

Athletic Club

Txapeldunen Ligako atarikoa

Napoli kanporatu du Athleticek, eta Txapeldunen Ligan egongo da

Mikel Dominguez | eitb.eus

Adurizen bi golek eta Ibairenak Txapeldunen Ligako taldekako faserako txartela eman diote Athletici, San Mamesen 'estreinakoan'. Partida irauli du Athleticek, beste behin etxean, Napoliren aurka.

1:42

Athletic Txapeldunen Ligan egongo da, Napoli atarikoaren itzuliko partidan kanporatuta. San Mames berria bukatuta egon den lehenengo partida izan da. Zale zuri-gorriek harmailak bete dituzte, etxeko taldeak markagailua nola iraultzen duen berriz ikusteko. Adurizek, bi aldiz, eta Ibaik Hamsiken bigarren zatiaren hasierako ezustea gailendu dute, eta taldekako fasera eraman dute taldea.

Napoli aukerak sortzen hasi da, Callejonen eta Higuainen hanketan -argentinarra arriskutsua izan da partida osoan-, baina agintea berreskuratzea lortu du Athleticek. Gurpegik egin du, 23. minutuan, neurketako lehenengo abagune handia, buruz korner batean, baina eskumara joan zaio errematea.

Gidoiak espero bezala jarraitu du: etxeko taldeak, inoz hain ugaria izan den publiko baten aurrean, baloia izan du, eta aukera gehienak sortu ditu. Aurrean, baina, ondo kokatuta egon den taldea izan du, gainditzen zaila, eta kontraerasoan beldur handia sortzeko gai izan dena. Bakoitza bere estiloan.

Laportek zuri-gorriak aurretik jartzeko aukera izan du, 27.ean, Muniainen erdiraketa on baten ostean. Beñat, oso langile lehenengo zatian, beste bat izan du Athleticentzat, 35.ean. Lehenago, Napolik abisua emana zuen Callejonekin, baina markagailua hutsean joan da atsedenaldira.

Ikara eta erantzuna

Bigarren zatia hasi bezain laster, Hamsikek aurretik jarri du Napoli, gidoia aldatuz eta Athletic egoera txarrean utziz. Zuri-gorriak gol baten beharrean zeuden, behintzat kanporaketa berdintzeko.

Harmaila, hotzago, berriz piztu da Balenziagaren aukera baten ostean. Rafael geldiketa on bat egitera behartu du. Napoli, inoiz baino erosoago kontraerasoan, eta Athletic, neurketaren kontrola berreskuratu nahian.

Berdinketa 62. minutuan heldu da, estrategia jokaldi batean. Napoliren atzelariek erraz jarri diote Adurizi korner batean. Aurrelariak bakarrik errematatu du, zuzenean atearen kontra.

Ez du denbora asko igaro bigarren gola heldu arte. 70.ean, Rafael eta Albiolen akats bati probetxua hartu dio Adurizek. Baloiaren bila joan dira biak, eta aukera oparitu diote zuri-gorriari. Beste bat izan du gipuzkoarrak azken minutuetan, oso argia, baina lehenago, 74.ean, Ibaik erabakita utzi du neurketa.

San Mameseko behin-betiko estreinaldian, Txapeldunen Ligako taldekako faserako txartela lortu du Athleticek, eta gainera, Unai Lopez gaztearen debut aipagarria izan da.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iraizoz; De Marcos, Gurpegi, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico, Beñat (Ibai Gomez, 58. min); Susaeta (Unai Lopez, 72. min), Muniain (San Jose, 85. min) eta Aduriz.

Napoli: Rafael; Maggio, Albiol, Koulibaly, Ghoulam (Britos, 56. min); Jorginho, Gargano; Callejon, Hamsik (Insigne, 70. min), Mertens (Zapata, 77. min); Higuain.

Golak: 0 - 1,  47. min, Hamsik. 1 - 1, 61. min, Aduriz. 2 - 1, 69. min, Aduriz. 3 - 1, 74. min, Ibai Gomez.