Itxi

Athletic Club

Camp Noun (16:00)

Athleticek garaipena du helburu Barçaren aurka

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak Shakhtar Donetsken aurka jokatuko du asteazkenean, Txapeldunen Ligan. Horrek ikusmin handia sortu du Bilbon, baina Valverdek liga ondo hastearen garrantzia azpimarratu du.

  • Aritz Aduriz. Argazkia: EFE

    Aritz Aduriz. Argazkia: EFE

Athleticek FC Bartzelonari egingo dio bisita arratsalde honetan BBVA Ligako 3. jardunaldiko partidan (16:00etan).

Luis Enriqueren taldeak orain arte jokatutako bi partidak irabazi ditu (Elx eta Vila-realen aurka) eta bakarrik dago sailkapen nagusiaren buruan. Zuri-gorrien aurka lidergoari eustea izango du helburu.

Neymarrek eta Messik hasieratik joka dezakete eta erasoan libre geratzen den beste postua Pedrorentzat edo Munirrentzat izango da.

Athleticek, bestalde, hiru puntuak eskuratu nahi ditu. Camp Noun hamar porrot jarraian jaso ditu Bilboko taldeak. Duela 14 urte irabazi zuen azkenekoz.

Athleticek Shakhtar Donetsken aurka jokatuko du hurrengo asteazkenean San Mamesen, Txapeldunen Ligako multzoen faseko aurreneko neurketan. Horrek ikusmin handia sortu du Bilbon, baina Valverdek liga ondo hastearen garrantzia azpimarratu du.

Malagan, ligako lehen hitzorduan, porrota jaso zuten zuri-gorriek, baina San Mameseko partidan Levante hartu zuten mendean (3-0). Athleticen xedea sailkapen nagusiko goi postuei eustea da.

Carlos Gurpeguik San Joseren lekua har dezake defentsaren erdian, eta eskuinetik Susaeta arituko da seguru aski, Ibai Gomezen ordez.

Ustezko hamaikakoak:

Barcelona: Ter Stegen edo Bravo; Alves, Pique, Mascherano, Alba; Xavi, Busquets, Iniesta; Pedro, Messi eta Neymar.

Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico, Beñat; Susaeta, Aduriz eta Muniain.

Epailea: Fernandez Borbalan

Ordua: 16:00

Futbol-zelaia: Camp Nou