Athletic Club
Sentsazio zuri-gorriak
Gurpegui: 'Etxeitak aurrea hartu dit Valverderen hamaikakoan'
ERREDAKZIOA
Golak sartzea kosta egiten zaiela onartu du Athleticeko jokalariak, eta beti Adurizen esku soilik ezin direla egon.
-
Carlos Gurpegui, Athleticeko jokalaria. Argazkia: EFE
Xabi Etxeita zornotzarrak Valverderen hamaikakoan aurrea hartu diola onartu du Carlos Gurpegui Athleticeko jokalariak, eta bere sasoia berreskuratzeko lan gehiago egin behar duela adierazi du.
“Xabik hau guztia eta gehiago merezi du, jokatu dituen partidetan maila handia eman baitu. Iaz ez zuen ia parte hartu eta ez zen inoiz ere kexatu. Eredugarri izan zen entrenamenduetan, eta, beraz, lortu duen guztia merezi du”, nabarmendu du kapitainak Lezaman egindako lan-saioaren ondoren.
Gurpegui indarberrituta dago jada, eskuineko belaunean zituen minak alde batera utzita. Lesioa dela eta, hiru jardunaldi eman zituen geldi, eta Etxeitak ondo baino hobeto aprobetxatu ditu minutu horiek. Hortaz, ez du batere lan samurra lehen zuen maila berreskuratzeko, baina horretan gogor diharduela azaldu du.
Athleticen egoeraz ere hitz egin du nafarrak. Besteak beste, azken hamabi puntuetatik zortzi eskuratu izanak eta hiru partidatan golik jaso ez izanak aurrera jarraitzeko gogoa ematen diela eta konfiantza gehiago hartu eta erasoan hobetu behar dutela gaineratu du jokalari zuri-gorriak.
Golak sartzea kostatu egiten zaiela onartu du kapitainak, eta beti Adurizen esku ezin direla egon azpimarratu du. “Gehitzen jarraitu behar dugu, defentsakoek estrategian eta bigarren lerrokoek”, gaineratu du.
Txapeldunen Ligari buruz ere hitz egin du Gurpeguik. Horren hitzetan, “kanpoan geratu izana sekulako etsipena izan da, batez ere, jendeak honen inguruan ilusio handia zuelako”, baina Txapeldunen Ligan egoteko mailarik ez dutela eman onartu du.
“Saria non dagoen ezin duzu inoiz jakin. Denboraldia luzea da eta gogor borrokatu behar dugu, maiatzean poztasunen bat eduki genezakeelako”, adierazi du Carlos Gurpeguik. Gainera, Europako txapelketa bat jokatzea beti dela berezia eta horregatik irmo borrokatuko direla ziurtatu du Athleticeko jokalariak.