Itxi

Athletic Club

Kopa Espanyolen aurka

Athleticek San Mamesen utzi nahi du finalerako txartela bideratuta

Erredakzioa

Bilbotarrek ondo gainditu dute Barçaren aurka jasotako gol-zaparrada, eta zaleekin lortutako adiskidetzea erabakigarria izan daiteke.  

  • Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

    Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Athleticek Espanyol hartuko du asteazken honetan, San Mamesen, Kopako finalerdietako joaneko neurketan. Zuri-gorriek finalerako txartela bideratuta uztea dute helburu.

Bartzelonaren aurkako liga porrota (2-5) ondo gainditu du Bilboko taldeak, eta gol-zaparrada jaso zuen arren sentsazio onekin jarraitzen du. Gainera, zaleekin adiskidetu dira zuri-gorriak eta San Mamesek taldeak egindako ahalegina erabat eskertu zuen. Hori erabakigarria izan daiteko Kopa kanporaketan.

Aymeric Laporte zigortuta dago eta ezin izango du neurketa jokatu. Ander Iturraspe eta Guillermo Fernandez ere baja izango dira, lesionatuta baitaude. Mikel Balenziagak, bestalde, aldaketa eskatu behar izan zuen igandean eta oraindik ez daki jokatzeko prest egongo den.

Oscar de Marcos eta Iker Muniain jokalariek ez zuten asteleheneko lan-saioan parte hartu, baina asteazkenean jokatzeko prest egongo direla ematen du.

Espanyolek ere baja ugari ditu, erdialdean batez ere. Urtarriletik aurrera hobera egin du katalanen jokoak, eta horri jarraipena eman nahi diote Bilbon.

Ustezko hamaikakak:

Athletic Club: Herrerin; Iraola, Gurpegui, Etxeita, Balenziaga; San Jose, Rico; Susaeta, De Marcos, Muniain; eta Aduriz.

Espanyol: Pau; Javi Lopez, Colotto, Hector Moreno, Duarte; Lucas Vazquez, Victor Sanchez, Arbilla, Victor Alvarez; Sergio Garcia eta Stuani.

Epailea: Del Cerro Grande

Futbol-zelaia: San Mames.

Ordua: 22:00.