Athletic Club
Espanyolen aurka
Espanyol-Athletic, finalaren bila
Erredakzioa
Aymeric Laporte, sukarrak jota, deialdian sartu da azkenean. Sergio Gonzalez perikitoen entrenatzaileak, bestalde, jokalari guztiak prest ditu.
-
Athleticek Kopako finalerako txartela izango du jokoan asteazkenean. Argakia: EFE
Athleticek Espanyolen aurka izango du jokoan gaur Errege Kopako finalerako txartela. Denboraldiko hitzordurik garrantzitsuena izango da talde zuri-gorriarentzat.
Ernesto Valverderen taldeak egutegi zorrotza izan du orain arte eta ahituta iritsiko da Bartzelonako neurketara. Perikitoen aurkakoan, joaneko 1-1eko markagailuari eman beharko dio buelta Athleticek.
Entrenatzaile zuri-gorriaren buruhauste nagusiena Aymeric Laporten osasun egoera da. Atzelariak, sukarrak jota, ezin izan zuen Eibarren aurkako derbia jokatu eta ez zuen asteleheneko entrenamenduan parte hartu.
Halere, Cornellako hasierako hamaikakoan izatea espero du bizkaitarren entrenatzaileak. Hitzordu nagusietarako erabili ohi duen hamaikakoa zelairatuko du Valverdek, baina atean Iago Herrerin izango da.
Honakoa da teknikariak eskainitako deialdia: Iraizoz, Aurtenetxe, Laporte, San Jose, Beñat, De Marcos, Ibai, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, X. Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Guillermo, Balenziaga, Unai Lopez, Williams.
Espanyolen, bestalde, jokalari guztiak jokatzeko prest ditu Sergio Gonzalez teknikariak.
Ustezko hamaikakoak:
RCD Espanyol: Pau Lopez; Arbilla, Alvaro, Hector Moreno, Duarte; Lucas Vazquez, Victor Sanchez, Cañas, Victor Alvarez; Sergio Garcia eta Stuani.
Athletic Club: Herrerin; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Rico; Williams, Muniain, Susaeta; eta Aduriz.
Epailea: Juan Martinez Munuera.
Futbol-zelaia: Power8 Stadium.
Ordua: 22.00etan.