Itxi

Athletic Club

Joaneko partida

Bartzelonari errepasoa eman eta Superkopa lehertu du Athleticek (4-0)

Leire Etxazarra | eitb.eus

San Joseren gol ikusgarriak eta Aritz Adurizen ‘hat-trick’ak zuri-gorrien partida ederra apaindu dute.

1:40

Athleticek jipoia eman dio Bartzelonari, ezustean, Superkopako joaneko partidan. Bilbotarrak bikain aritu dira, eta kataluniarrei ez diete inolako aukerarik eman. Gau epikoa izan da San Mamesen.

Sabin Merino izan da partida atariko protagonista, Valverdek hasierako hamaikakoan sartu baitu aurrelari gaztea, ezustean. Lehen minutuak Bartzelonarenak izan dira, kataluniarrek jokoaren kontrola izan dute, baina ez dira egoera horri etekinik ateratzeko gai izan. Are gehiago, lehen aukera argia Athleticek izan du, baina Ter Stegel zuhur aritu da Javier Erasoren jaurtiketa kornerrera urruntzeko.

Bartzelonako atezain alemaniarrak ez du egunik onena izan, sekulako hutsa egin du 13. minutuan, Athleticen golaren jokaldian, hain zuzen. Ter Stegel areatik atera da baloia buruz aldentzeko, baina alderatze hori San Joseri iritsi zaio zelai erdian eta nafarrak sekulako zartada eman dio 50 metro ingurutik, eta baloia Bartzelonaren atean sartu da. Ikusgarria izan da. Behin eta berriro ikusteko gola.

Zuri-gorriak nagusi izan dira lehen zatian, zalantzarik gabe, eta Luis Enriqueren taldeari kosta egin zaio partidan sartzean.

San Josek berak Bartzelonaren gola saihestu du 26. minutuan, Luis Suarezen erdiraketa kornerrera buruz aldenduz.

Talde-lan bikaina egin dute lehoiek, eta Messi desagertuta ibili da ia partida osoan. Atsedenaldiaren atarian, hala ere, arriskua sortu du argentinarrak: falta arriskutsu bat zuzenean jaurti du, maisuki, baina Iraizozek erantzun ona eman dio, baloia kornerrera bidalita.

Superkopa, Athletic. EFE

Gol zaparrada bigarren zatian

Bigarren zatiaren hasieran, Bartzelonaren erreakzioa iritsi behar zela zirudien, lehen minutuetan Pedrol eta Messik aukera oso argiak izan baitituzte gola egiteko. Baina irudipen hutsa izan da.

53. minutuan, Adurizek burukada ederra eman dio baloiari eta bilbotarren bigarrena egin du. Luis Enriquek Iniesta eta Rakitic sartu ditu egoera iraultzeko itxaropenarekin, baina alferrik. Hirugarrena 9 minutu geroago egin du donostiarrak berak, area barruan buelta erdia emanda, eta laugarrena ere berea izan da, Alvesek egindako penalti argi baten ondorioz. Athletic bikain aritu da, luzaroan gogoan izateko partida egin du.

Lan ederra, eta emaitza ezin hobea. Itzuliko partida, datorren astelehenean, Camp Nou zelaian. Superkoparen ametsa 90 minutura dauka Athleticek.

Fitxa teknikoa:

4 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San José, Beñat; Susaeta (Bóvedad, 85. min), Eraso (Gurpegui, 77. min), Sabin (Lekue, 65. min); eta Aduriz.

0 - Bartzelona: Ter Stegen; Dani Alves, Bartra, Vermaelen, Adriano; Mascherano, Sergi Roberto (Rakitic, 60. min), Rafinha (Rafinha, 52. min); Messi, Luis Suárez eta Pedro (Sandro, 71. min).

Golak: 1-0, 13. min: San José. 2-0, 52. min: Aduriz. 3-0, 62. min: Aduriz. 4-0, 67. min: Aduriz, penaltiz.